Mari Carmen Olaso, esate baterako, Asturiasen eta Gaztela eta Leonen egon da lehian azken bi asteetan. Distantzia ezberdinetako probetan parte hartu du herritarrak eta F-55 mailako podiumetara igo da.
Valladolideko (Gaztela eta Leon) Maratoi erdian korrika egin zuen irailaren 28an. 21 kilometroak 01.41.52 denboran egin zituen eta F-55ko garaikurra lortu zuen; bere maila bereko bigarren sailkatu Maria Encarnacion Garciari ehunekoak atera zizkion helmugan.
Aste bat lehenago, aldiz, Ribadesellako (Asturias) 10 kilometrotako proban bere mailako bigarren postua eskuratu zuen. Ibilbidea burutzeko 47.20 denbora behar izan zuen Olasok.
Josetxo Imaz Oroimenezkoan, Ordizian eta Gorbeia Suzien proban (Bizkaia) ere izan zen herritarrik lehian; lehenean Javier Martin (51.35) eta bigarrenean, aldiz, Aitor Iurramendi (32 km., 05.38.17) zein Aitor Elizagarate (21 km., 03.40.19).
Espainiako txapelketan
Pistara jauzi eginda, Ostadar Atletismo saileko Eider Redondo Euskadirekin lehiatuko da inklusioko zein 16 urtez azpiko Erkidegoen arteko Espainiako txapelketan.
Denboraldiko lehen hitzordua izango du talde urdin-beltzeko kideak hilaren 4an eta 5ean, La Nucian (Alacant, Valentzia); luzera jauziko proban zein 4x100 m. errelebo inklusiboan parte hartuko du herritar gazteak.