Agerraldiari hasiera emateko Alkortak hartu du hitza; ikasturt honetan Udal Euskaltegian eskolak hartuko dituzten ikasleei zuzendu zaie. Eskerrak eman dizkie euskara ikasteko hautua egin izanagatik. Hala, hizkuntzaren erabileran ere egin nahi izan du azpimarra; ikasteaz gain, "ahal duten une guztietan" euskara erabiltzera ere animatu ditu ikasleak.
Irakasleen lana ere balioan jarri nahi izan du; zoriondu egin ditu horiek guztiek egiten duten lanagatik.
Galanak hitz egin du gero, eta leloari keinu egin dio: Euskara erritmo bizian. Gauzak horrela, aipatu du denek, hau da irakasle zein ikasleen ardura dela euskararen ikasketa prozesuari erritmo bizia jartzea. Gaineratu du irakasleak ahaleginduko direla eskola dinamikoak eta erritmoa dutenak egiten, baina ohartarazi die, hori hala izan dadin ikasleen parte hartzea ere "behar-beharrezkoa" dela.
Hitzartzea amaitu aurretik jakinarazi du orotara 80 ikasletik gora ariko direla aurten Udal Euskaltegian eta askotariko mailetako eskaintza egin duela aurten ere Udal Euskaltegiak; hastapen mailetatik hasi eta C1erainokoa.