Baloia ederki borrokatu behar izan zuten etxekoek eta atezainaren aurrean trebetasuna zutela erakutsi zuten. Lehen zatian, bederatzigarren minutuan eskuratu zuten lehen gola. Lau minutura etorri zen bigarrena eta zortzira, hirugarrena.
Mariñok etxekoei aurre egin eta minutu batzuetan erasoei eutsi zien. Erasora ere jotzen saiatzen ziren aurkariak, baina Texas Lasartearrako defentsak eta atezainak ez zieten zirrikiturik utzi.
Era honetara, etxeko taldeak ate aurrean izan zituen aukeretako batzuk ongi baliatu zituen errenta handitu eta garaipena ziurtatzeko.
Hiru puntuei esker, bere multzoko lehen postuan da Lasarte-Oriako taldea. Hala ere, adi egon beharko du Texas Lasartearrak Pasaiak ere ez baitu neurketarik galdu; gol kopuruarengatik daude herritarrak sailkapeneko buru.
Derbiak harrobian
Bestalde, harrobiko taldeak federatuak zein eskola mailakoak ere zelaira egin dute jauzi lehen jardunaldiak lehiatzera. Horietako bi mailetan, Kadete I. Maila eta Infantil Txiki mailan, herriko taldeen arteko derbia izan zen.
Kadete I. mailan, lehen zati borrokatuaren ostean, bigarrenean Texas Lasartearrak 3-0 garaitu zuen Ostadar C taldea. Infantil Txikien neurketan, txuri-urdinak bigarren minutuan aurreratu ziren, baina urdin-beltzek ongi eutsi eta banako berdinketa eskuratu zuten.
Orkatila mindua
Jon Martin herritarrak orkatilan min hartu eta ezin izan du Espainiako selekzioarekin 20 urtezko Munduko txapelketako neurketarik jokatu.
Hilaren 27an, Marokoren aurkako partida baino bi egun lehenago jakin arazi zuen selekzioak Real Sociedadeko defentsak ezingo zuela lehiaketan parte hartu. Txileko topaketa utzi eta Donostia itzuli zen herritarra. Bi astetan berriro zelaian egotea espero dute Realeko medikuen.