Plazaolako ortu ekologikoak adjudikatzeko prozesua abiatuko du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 30a, 07:23

Interesdunek zenbait baldintza bete beharko dituzte euren eskaerak aurkezteko; urriaren 15a izango da horretarako azken eguna

Agustin Valdivia alkateak jakinarazi du Lasarte-Oriako Udalak baratze ekologikoen esleipen prozesua martxan jartzear duela. Hori iragartzearekin batera, azaldu du orotara 79 lur zati utziko dituela herritarren esku, eta kopuru hori baino eskaera gehiago aurkeztuko balira, publikoa izango den zozketa bidez banatuko dituztela. Eskaerak egiteko azken eguna urriaren 15a izango dela ere jakinarazi du udal ordezkariak, eta baita hautagaitza aurkezteko bete beharreko baldintzak zeintzuk diren ere. 

77 baratze 30 eta 40 metro karratu artekoak izango dira, eta gainerako biak, berriz, bost metro karratu izango dituzte. Azken horiek mugikortasun murriztua duten pertsonentzat egokitutakoak dira. 

Hautagaiek Lasarte-Orian erroldatuta egon behar dute, gutxienez azken hiru urteetan. Eskaera orriak udalaren web atarian eskura ditzakete interesdunek, eta udal erregistro bidez aurkeztu beharko dituzte; hala ziurtatu beharko dute zerga betebehar guztiak ordainduta dituztela. Horrez gain, eskatzailearen bizikidetza unitateko beste kideren batek ezingo du baratze ekologikorik izan. Adingabeek ere egin dezakete eskaera, baina horien kasuan, beren guraso, arduradun legal edo tutoreen baimena aurkeztea ere eskatuko diete. 

Behin adjudikazioak eginda, erabiltzaileek urtebetez izango dute lur eremuak ustiatzeko aukera, eta gehienez ere lau urtera arte luzatu ahal izango zaie epealdi hori. Erabiltzaile bakoitzak, gainera, tasa bat ordaindu beharko du ortuaren erabilera egiteagatik; kobrantza horiek zenbatekoak izango diren ere zehaztu du alkateak. Mugikortasun arazoak dituztenentzako egokitutako eremu bakoitzagatik 10 euro ordaindu beharko ditu erabiltzaile bakoitzak; gainerako lur sailengatik, aldiz, 75 euro ordainduko dituzte. Horren harira, alkateak azpimarratu du langabezian daudenen kasuan, % 50eko hobaria izango dutela aipatu kuota horietan. Horrez gain, erabiltzaile guztiei ehun euroko fidantza bat ordaintzeko ere eskatu die udalak; diru kopuru hori lagapen aldia amaitutakoan itzuliko zaie, betiere lizentzian ezarritako baldintzak betetzen badira. 

Amaitzeko, oroitarazi du baratze horietako bakoitza lantzeko esleipena jasotzen duen pertsona bakoitzak nekazaritza ekologikoan trebatzeko ikastaro bana jasoko duela.