"Lasarte-Orian basamortu kulturala dugu, ez espazio faltagatik, baizik eta plataformarik ez dugulako"

Lierni Apaolaza Urdanpileta 2025ko ira. 29a, 09:15

Ane Golmaio eta Héctor Iñigo aritu ziren hizlari lanetan. Jon Susinek, erdian, dinamizatzaile lana bete zuen. Argazkia: TXINTXARRI

'Autodromo' egitasmoaren lehenengo saioa aurrera eraman dute herriko hogeita hamar bat gazteek, ostiralean, Antonio Mercero Gunean. Herriko arte eszenaren inguruan solastatu ziren, ordubete luzez.

Autodromo proiektuak xede du "antolakuntza politikoa kulturara hurbiltzeko asmoz, herrian artearen esparruan ibiltzen den jendea batzea, baita elkarlanerako espazio bat eskaintzea ere". Egitasmoa kezka batetik sortu zen; Lasarte-Orian "norabide politikorik gabeko arte eszena" izatetik, hain zuzen. Ardura bera partekatzen zutela oharturik, herriko zenbait gazte bildu da, udaran zehar. Oinarriak zehaztu, eta mahainguru bat antolatu. Bi egiteko horiek izan dituzte "ortzi mugan", hilabeteotan, besteak beste. Zeregin horiek beteta, lehenengo saioa antolatu zuten, ostiral arratsaldean.

Hogeita hamar bat lagunek egiten zuten bat hitzorduarekin. Edonor gerturatu zitekeen sarrera irekia zen-eta. Dinamizatzaile lanetan, Jon Susin aritu zen. Harekin batera, Héctor Iñigok eta Ane Golmaiok hartu zuten hitza; artearen munduan murgildurik baitaude biak, musikan eta diseinu grafikoan, hurrenez hurren. Aipatzekoa da saioaren kartela Golmaiok maketatu eta sortu duela. Ordubete inguruz aritu ziren hizketan, eta oinarrian, funtzionamendua sinplea izan zen; Susinek hiru galdera egin zizkien hizlariei, eta beraiek bere ikuspuntutik erantzun zituzten. Amaieran, publikoak itaunak egiteko tartea izan zuen. 

Lehenengo galderak herrian proiektu artistikoak egikaritzeko oztopoak izan zituen ardatz. Golmaiok, bere bizipenetatik abiatuta, bi zailtasun identifikatzen dituela jakinarazi zuen: "espazio eta arte egitasmoak aurrera eramateko sare falta". Haren esanetan, Lasarte-Orian artea sortzen edota artea miresten duten gazte asko dago. Alabaina, ez omen dira antolatuta edo behintzat, ez dira artetzat "zer ulertzen" duten partekatzeko eta horrekin "zer egin" nahi duten zehazteko bildu izan. Horrekin batera, espazioaren gabeziaren gorabeherak gogora ekarri zituen. Aditzera eman zituen herrian "leku" bat topatzearen edo sortzearen inguruan egindako saiakerak, azken urteotan. Horien artean, Elebeltz Topagunea aipatu zuen, garai bateko Lasarte-Oriako gaztetxea.

Bere aldetik, Héctor Iñigok udaletxeak eskainitako baliabideen inguruan zeresanekoa izan zuen. Finean, udalak emandako aukerek gazteen "beharrak" ez dituztela bermatzen aitortu zuen, baita hori "argi" ikusten dela ere. Izan ere, arrazoi huragatik bildu ziren, ostiralean, Antonio Mercero gunean. Ildo beretik, Ane Golmaiok gehitu zuen gaztelekua "printzipioz" gazteen nahiak asetzera bideratuta egon arren, burokraziaz beteriko espazio dela ez delako batere erraza gelak erreserbatzea entseatzeko edota bilerak egiteko. Lokala enpresa batek gestionatzen duela ere aitortu zuen. "Traba" horien harira, Iñigok onartu zuen udaletxearen sostengu falta sumatzen duela, eta "badirudiela ez duela laguntzarik eman nahi". Errealitate horren aurrean, Susinek ondorioztatu zuen "instituzioen eskaintzak ez dituela asebetetzen gazteen beharrak eta alternatiba izan daitekeela espazio bat edo asanblada bat sortzea".

Bigarren itaunak erronka bat planteatu zuen, hots, desberdintzea eszena artistiko propioa instituzioek gestionatutako horretatik. Galdera honen harira, autogestioari buruz aritu ziren. Ane Golmaioren hitzetan, praktika horren balioa ez datza lortutako "emaitzan", baizik eta praktikak berak dakarren "prozesuan", hau da, "norbanakoaren nahiak zeintzuk diren plazaratzean". Instituzioekin elkarlanean aritzean, "harremana bertikalizatu" egiten dela gaineratu zuen, erakundeek hartzen dutela artefaktua "kudeatzearen eta distribuitzearen" afera bere kontu. Hala ere, dirulaguntzen beharra azpimarratu zuen, erabateko autogestioa "oso zaila" baita. Horren ondotik, Susinek alternatiba bat planteatu zuen. Bere ustez, lasarteoriatar gazteak ez dira errealitate horren aurka egiten "tematu behar", "udaletxearekin lehiatzen" saiatu behar dira, "beste liga bat sortu", non diruaz hitz egin beharrean, "konpromisoaz" solastatzen den, "proiektu artistikoaren norabideaz". 

Saioarekin amaitzeko, artistaren paperari buruz aritu ziren, azken galderaren eskutik. Golmaiok artistak inpartzialak ez direla defendatu zuen. Ideia hori argudiatzeko esan zuen "norberaren arteak ez duela zertan politikoki oso esplizitua izan behar, baina arte hori sortzeko moduak bai, hots, produkzioak, distribuzioak edota arte horren publikoak". Kontrara, gaineratu zuen zaila dela izate hori bera betetzea, "kontraesanak" oso ohikoak baitira. Esaterako, bere pegatinak sortzerakoan, enpresa bati ordaindu behar dio ilustrazio batzuk lortzeko. Dena den, Golmaiok argi zuen bere "proiektua nora bideratzen duen", eta "merkatuaren logikatik" at joaten saiatzen dela. Iñigok horri gehitu zion ez duela axola indibidualki edo taldean aritu, norberaren lanak, funtsean, irizpide edo norabide politikoa izan behar duela, "bai ala bai". 

Hurrengo geltokia

Lehenengo saioaren harrera "oso ona" positiboki baloratu zuten Autodromo egitasmoaren antolatzaileek. Bertaratutako gazteak "oso motibatuta" ikusi zituzten; proiektuarekin aurrera egin, eta Lasarte-Oriako arte eszenari "konponbidea" emateko asmoz. Horren erakusle ezin hobea izan zen mahainguruarekin amaitzeko hainbatek planteatutako galdera bera: "Zein da hurrengo pausua?'". Proiektua hezurmamitzeko nahia handia zen, gazteak aktibatzeko oso prest daude-eta. Oraindik zehazteke lanetan egonda ere,  jakinarazi zuten asmoa, izan, badela, beste saio bat antolatzea eta horrekin batera, kontzertu batzuk prestatzea. Bidean jarraitzeko intentzioarekin, Autodromoaren egitasmoak luzerako bidaia duela aurreikusi daiteke.