Ez dute gelditzeko unerik izan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 27a, 12:30

Europako Mugikortasun Astearekin bat egin du Lasarte-Oriako Udalak aurten ere. Artelatz enpresarekin elkarlanean, hainbat jarduera eraman ditu aurrera, ostiralean. 

Ohiko legez, bizikleta izan da protagonista. Garraiobide osasuntsuak eta jasangarriak sustatzeko asmoz, ekitaldi mordoa antolatu ditu Lasarte-Oriako Udaletxeak Artelatz enpresarekin batera, Okendo plazan eta Kale Nagusian. Udazkeneko egun ederra izan delarik, eguzkitsua eta epela, herritar asko gerturatu da ostiral arratsaldeaz gozatzeko asmoz, Mugikortasun Asteak eskainitako egitarauaren baitan. 

Enparantza nagusian, bigarren eskuko bizikleten azoka prestatu da. Txirringa eta patinete ugari izan dira aukeran. Lasarteoriatarrek ez dute galdu eskaintzak aprobetxatzeko aukera. Begiratu, ukitu, probatu, eta abar, gazte zein heldu izan, azokarekin gogotik disfrutatu dute. Etxeko txikitxoenek ariketa abstraktua burutu dute. Izan ere, kuadrillan elkarturik, norberak zein txirrinda edo patinete erosiko lukeen aitortu diote elkarri, Okendo plazatik bueltaxka eman bitartean. Azokarekin batera, irakurle txokoa eta txirrinak atontzeko tailerra ere izan dira. 

Bien bitartean, ipar martxa saioa eraman du aurrera Ostadar SKTk. Alex Ramosek gidatu du saioa. Beroketa lanetan aritu dira Okendo Plazaren atzekaldeko belardietan barrena. Jarraian, saioari ekin diote. 

Handik gertu, Kale Nagusian, jolasteko espazioa izan dute haurrek. Errepidea moztuta izan dutelarik, alde batetik, bizikletarekin batera egiteko ibilbidea egin dute. Bestetik, herri kiroletatik abiatuta, lokotxetan aritu dira, baita zaku lasterketetan ere. Giza probetan ere murgildu dira. Pisuarekin lehian, lasarteoriako ordezkari gazteenek sasoia erakutsi dute, nahiz eta indarra falta izan zaien, noizbehinka. Irri artean eta gurasoen begiradarenpean, alabaina, ederki pasa dutela esan daiteke.