'Aniztasunean elkarrekin' I. Martxa Inklusiboa egingo dute urriaren 11n

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 29a, 09:00

Upsala Kirol Klubeko zein udal ordezkariak, aurkezpenean. Arg.: Lasarte-Oriako Udala.

Upsala Kirol Klubak eta Lasarte-Oriako Udalak herriko hainbat eragileek lagunduta 'Aniztasunean elkarrekin' I. Martxa Inklusiboa antolatu du urriaren 11n. Upsala Kirol Klubeko kide Julian Iborra,Goizalde Pildain Kirol zinegotzia, alkate Agustin Valdivia zein Gizarte Zerbitzuetako Lurdes Acevedo batu ziren ekimenaren aurkezpenean  

Agerraldian azaldu zutenez, aniztasunak gizarte gisa aberasten gaituela eta, kirolaren bidez, komunitate bidezkoago eta inklusiboago baterantz urrats sendoak eman ditzakegula sinetsita jaio da jardunaldi hau.

Upsala Klubeko ordezkari Julian Iborra izan da ideiaren sustatzailea: "Inklusioa kontuan hartuta sortu nuen Upsala Kirol Kluba. Mendi ibilbideetan lan egindako naiz eta aniztasun funtzionala duten pertsonentzako hutsune bat ikusi nuen. Horiei laguntze aldera sortu zen ideia".

Agustin Valdivia alkateak adierazi duenez: “jardunaldi hau gizarte inklusiboago baterako urrats zehatz bat da, non guztiak gure herriko bizitzaren parte aktibo sentituko diren”.

Ildo horretatik ere jo du Goizalde Pildain Kirol zinegotziak: “Aniztasunak gizartea aberasten du, eta inklusioa erantzukizun kolektiboa da. Kirola tresna eraldatzailea da, hesiak batu, suntsitu eta enpatia sortzen duena”.

Sei kilometrotako martxa herrikoia Lasarte-Oriako naturguneen zehar egingo da. Iborrak diseinatu du ibilbidea eta bera izango da martxako gidaria. Ibilbidearen erdian hornidura gunea izango da eta bertan partehartzaileek atseden hartu eta nahi izanez gero, ibilbidea mozteko aukera izango dutela azaldu dute antolatzaileek.

Upsala klubeko boluntarioak ere parte hartzen duten pertsonak antolatzen eta laguntzen egongo direla jakitera eman dute.

Luntxa eta emanaldia

Ez da martxa soila izango. Martxako kideek indarrak berreskuratzeko luntxa izango dute Okendora itzultzean. Los Diversos taldearen kontzertuaz ere gozatu ahalko dute eta, jardunaldiari amaiera emateko, Jalgune elkarteko kideek Pausoka pausoka abestiaren dantzan jarriko dituzte bertaratutakoak.

Egitarau zehatza honakoa da:

  • 09:30ean, martxaren irteera Okendo plazatik.
  • 11:30ean, lehen parte hartzaileak iritsiko dira plazara eta indarrak berreskuratzeko luntxa izango dute.
  • 12:30ean, Los Diversos taldearen kontzertua. 
  • 13:15ean, Pausoka pausoka abestia Jalgune elkartearen eskutik.

Izen ematea

Izen emateak dagoeneko martxan daude agerraldian jakitera eman duten modura. Jarduera doakoa dela zehaztu eta parte hartzaileek jardunaldiaren leloa, Kirolak batzen gaitu, inklusioak indartu, duen kamiseta eramango dutela azaldu zuten.

Ekimenaz gozatu nahi duten pertsonek formulario bat bete beharko dute honako loturan: https://gosportmadness.com/jornada-inclusiva-lasarte-oria/ . Besteak beste, kamisetaren neurria eta interesatuek aniztasun funtzionala duten zehaztu beharko dute horretan.

Antolatzaileek lasarteoriatarrak eta inguruko herrietako pertsonak animatu nahi dituzte hitzorduan parte hartzera.