Euskarabentura espedizioa Zuberoako Atharratze herritik abiatu zen uztailaren 1ean. Hizkuntza ohiturak astindu eta euskararen erabilera sustatzea du xede egitasmo horrek, eta hilabete osoan zehar Euskal Herria zeharkatu ostean, Bizkaiko Getxo udalerria izan zuen azken helmuga uztailaren 31n. 126 gaztek parte hartu dute aurtengo aldian, eta horien guztien artean izan da lasarteoriatarrik ere: Leire Iglesias Rodrioguez (Lasarte-Oria, 2008). Bertan bizitakoak kontatu dizkio herritar gazteak TXINTXARRI-ri.
Nola izan zenuen egitasmoaren berri?
Donostian ikasten ari naiz, eta Euskarabentura egitasmoko koordinatzaileetako batek ikastetxean egin zuen aurkezpen bati esker izan nuen proiektuaren berri. Aipatu zigun partaideak aukeratzeko hautaketa prozesu bat aurrera eramaten dutela, eta horretan parte hartzeko lan jakin batzuk aurkeztu behar zirela. Sekulako aukera iruditu zitzaidan, eta lan bat aurkeztea beste zereginik eskatzen ez zutenez, saiatzea erabaki nuen, merezi zuela uste bainuen. Zortea izan nuen eta hautatuta izan nintzen.
Euskal Herri osoko askotariko txokoetako gazteekin elkartuko ginela jakitea motibazio handia izan zen niretzat, eta oinez ibiltzea ez ezik, bestelako aisia jarduerak ere egingo genituela jakiteak are gogo handiagoa piztu zuen nigan.
Hautaketa prozesua gainditu behar da, beraz, abenturan parte hartzeko.
Bai. Hautaketa prozesuan parte hartzeko proiektu txiki bat aurkeztu behar du hautagai bakoitzak. Hori egiteko gaiak eurek zehazten dituzte, eta aurten, adibidez, honakoak izan dira: indibidualismoa ala kolektibismoa, beldurrak, eta klima aldaketa.
Nik iritzi artikulu bat aurkeztu nuen, indibidualismoa eta kolektibismoa gaia oinarri hartuta; nire hausnarketa propioa egin nuen, baina aukera genuen ikus-entzunezko bat egiteko ere, edo plastikoago izan daitekeen proiektu artistiko bat.
Nolakoa izan da egunerokoa abenturan?
07:00etan esnatzen ginen egunero, Bi t'erdi abestia entzun ahala. Goizetan arin ibili behar izaten genuen, izan ere, oinezko ibilbideak goizez egiten genituelako eta bazkalordurako helmugara iritsi behar izaten genuelako. Gosaldu eta 08:00etarako lehenengo taldea abiatzen zen bidean.
Behin destinora iritsita, 13:00ak aldera-edo, bertan bazkaldu eta atsedenerako edo deskonexiorako tartetxo bat izaten genuen edota dutxatzeko aukera egonez gero, horretarako ere baliatzen genuen denbora tarte hori. Ostean, normalean, jarduera dinamikoagoren bat izaten genuen, hitzaldiren bat edo bisita kulturalen bat-edo. Gauean, berriz, afaldu, gaubeilak eta lotara.
Eguneroko otorduetako jakiak-eta prestatzea zuen lana izan al da?
Ez, catering enpresa bat arduratu da gure otorduak kozinatzeaz. Egunez eguneko helmugetara iristen ginenerako jakiak bertan izaten genituen prest. Guk horiek jateko ontziteria prestatu behar izan dugu. Taldeka banatuta egin ditugu aipatu lan horiek; egun bakoitzean horietako bati zegokion zereginen ardura hori.
Elkar ezagutzen ez zenuten 127 jzioquitarrek [gazteak gisa horretan izendatu dituzte] osatu duzue aurtengo gazte taldea.
Nik banekien espedizioan parte hartzeak zer zekarren, banekien jende ezezaguna topatuko nuela, eta hein batean, gisa horretako abentura batera bazoaz, bada jende berria ezagutu eta harreman berriak egiteko ere. Nire izaera kontuan hartuta, harrigarria izan badaiteke ere, jende mordoa ezagutu dut.
Horrek ez ninduen kezkatzen, beste zerbaitek arduratzen ninduen zertxobait; zer-nolako espazio pertsonala izango nuen bakarrik, nire kaxara egoteko.
Eta nola bizi izan duzu hori?
Izan dut niretzako uneak hartzeko parada, bakarrik egoteko tartea. Astean behin, adibidez, hiriburuetan atseden egunak izan ditugu. Egun horietan ez genuen etaparik egiten, eta hor ematen ziguten aukera gure kaxara ibiltzeko pare bat orduko tartea hartzeko. Donostiara iritsi ginenean, adibidez, nire amarekin elkartzeko aprobetxatu nuen.
Bizigarria izango zen amarekin elkartzea, ezta?
Espedizioak iraun zuen denboran zirrara gehien eragin zidan geldialdia Donostiakoa izan zela esan dezaket. Ezaguna zen lekua niretzat, eta espazio seguruan sentitzen nintzen bertan. Bertara ailegatzea, amarekin elkartzea eta izozkia jatea sekulakoa izan zen, txute ederra. Hortik Zarautzerako bidea trenez egin genuen gero, eta bidaian zehar nire herria [Lasarte-Oria] ikustea ere ederra izan zen.
20 ta pikugarren eguna zen Donostiako geldiarena, beraz, bageneraman denbora bat etxetik kanpo.
"Zirrara gehien eragin zidan geldialdia Donostikoa izan zen"
Eta dozenaka kilometro oinez egin behar izateak arduratzen al zintuen? Prestaketarik egin behar izan al duzu?
Uste dut hori zela nire kezka nagusiena, eta horregatik, ekainean, ikasturtea amaituta, oinez ibiltzera joan nintzen, egin nituen ibilbide batzuk. Behin abenturan murgilduta, lehen egunetan, agian, kezkatuago nengoen, baina erritmoa hartuta, ondo moldatu naiz. Nahiko lasai ibili naizela esan dezaket, eta hori, oso kirolaria ez naizela kontuan hartuta. Taldeko kide izateak ere eragiten du, kideekin hizketan zoaz, kantuan, giro onean eta 15-20 kilometro egin behar badira ere, horrek guztiak laguntzen du. Zentzu horretan, azken egunak izan dira agian zailagoak; nekatuago geundelako, eta akidura horrek eragiten du.
Arestian aipatu didazu taldeka aritu zaretela abenturako zereginetan.
Denak elkartu ginen lehen egunean partaide guztiak hamabi talde naturaletan banatu gintuzten, eta horietako bakoitzak bere xerpa (arduraduna) zuen. Talde naturala deitu diogu multzo horietako bakoitzari, eta, adibidez, otorduetarako-eta batzen ginen gurearekin, baita bestelako dinamiketarako ere.
Bestetik, etapak egiteko hiru talde nagusitan multzokatu gintuzten: trikuak, katagorriak eta erbiak. Oinez ibiltzeko abiaduraren edo erritmoaren arabera batu ginen batean edo bestean. Trikuak abiatzen ziren lehenik, katagorriak 15 minutu geroago, eta, horien atzetik, beste ordu laurden geroago erbiak. Horrela lortzen genuen helmugara denok batera heltzea.
Talde guztietan egon gara Euskal Herriko txoko guztietako kideak, horrela, euskalki guztietako kideez inguratuta egon gintezen bermatu du horrek.
Hain zuzen ere euskara sustatzea eta gazteen hizkuntza ohiturak astintzea da ekimenaren helburuetako bat. Hizkuntzari dagokionez, zer topatu duzu espedizioan?
Plazer handia izan da esnatu eta euskalki guztiak entzun ahal izatea. Izugarri ikasi dut. Agian, zailtasunen bat edo beste Iparraldekoekin izan dut. Sumatzen nuen esaten ari zirena ulertzeko euren hitz egiteko modua moldatzen zutela. Uneren batean, Iparraldekoak baino ez zeuden talderen batera elkartzen banintzen, hor bai, hor ez nuen deus ulertzen.
Hizkuntzari dagokionez, zer ikasi duzu?
Kanta pila bat; etapetan etengabe abesten genuen. Eta, agian, hegoaldekoa izanik, konturatu naiz espedizioan parte hartu aurretik maiz jotzen nuela erdarara zenbait gauza modu informalagoan-edo esateko. Ohartu nintzen, gaztelania ulertzen ez dutenekin ezin nituela esaldi horiek erabili, eta horrek lagundu dit ikusten horien erabilera ez zela ezinbestekoa. Hortaz jabetu nintzen eta kontuatu, hori zuzendu behar nuela.
Hitz berririk gehitu al duzu zure hiztegira?
Bai, noski, otoi, adibidez; orain uneoro esaten dut.
Mesedez esan nahi du, ezta?
Bai, hori da. Eta xopatu ere ikasi dut.
Hara, hori ezezaguna da niretzat.
Iparraldean erabiltzen dute, eta liatu esan nahi du. Ah, eta trikota ere neureganatu dut.
Eta zer esan nahi du azken horrek?
Jertsea.
"Ikasi dudan guztiak euskal kultura gehiago deskubritzeko nahia piztu dit"
Zertarako balio izan dizu esperientzia bizitzeak?
Ohartu naiz zeinen zabala den gure kultura. Agian pentsa dezakegu EAEn gertatzen dena dela ikusgarriena eta garrantzitsuena, eta iparraldean hiru herrixka baino ez daudela eta bi dantza baino ez direla egiten, baina errealitatea bestelakoa da.
Asko ikasi dut Euskal Herriko kantu eta dantzen gainean, baita ohiturez ere. Festak eta istorioak ere jaso ditut, denetarik. Begiak ireki dizkit guztiak. Eman dit orain arte Euskal Herriaz ez nuen ikuspuntu bat izateko aukera.
Eta onena zer izan den galdetuko banizu? Eta txarrena?
Esperientzia guztiz ona izan da. Abenturan parte hartu dugun jende kopurua kontuan hartuta, orotara 140 bat lagun izango ginen, eta, normala den bezala, elkarbizitzak dakartzan kontutxoak egon dira.
Uste dut onena izan dela ikustea badagoela gazte talde bat prest dagoena euskarari, kulturari bultzada emateko. Batzuetan, zure ingurunea ez bada euskalduna, bada sentimendua izan dezake frikia zarela, jendeari ia-ia erregutu egin behar zaiola euskaraz aritzeko.
Txarrena, erabat nire izaerarekin lotua dagoen kontu bat izan daiteke, niretzako espazio gehiago behar izatea. Ulertu behar da, ordea, espedizioa zer den, eta erabat ulergarria da guretzako nahi bezain beste espazio eduki ahal ezin izatearena.
Euskal Herria puntarik punta ezagutzeko aukera ere eman dizue espedizioak.
Oso polita izan da Euskal Herria alderik alde ezagutzea. Abenturan murgildu aurretik, ez nekien guzti horretatik jasoko genuen herentzia kulturala zenbaterainokoa izango zen. Orain esan dezaket jaso dudala, bai. Ia egunero egiten genituen lekuan lekuko jendearekin, eragileekin- eta modu bateko edo besteko harremanak, eta hori ederra izan da, oso aberasgarria.
Nola itzuli zara Lasarte-Oriara? Zer ekarri duzu etxera bizipen horietatik?
Etxera itzuli izana ez dut sentitu amaiera gisa, uste baitut honek guztiak beste mila gauzetarako ateak zabaldu dizkidala; bertan egin ditudan harremanak, edo ikasi dudan guztiak euskal kultura gehiago deskubritzeko eta disfrutatzeko nahia piztu dit. Ohartarazi dit horrek guztiak zein dimentsio zabala duen, eta zeinen gutxi dakidan hortaz guztiaz.
Zer baloratu duzu gehien behin etxeratuta?
Nik nahi dudana egin ahal izatea nahi dudanean; nahi dudanean gosaldu, nahi dudanean komunera joan eta baita egunerokoan janzten ditudan arropak jantzi ahal izatea ere.
Elkarrizketa irakurtzen duen herrikide bati gomendatuko al zenioke datozen espedizioetakoren batean parte hartzea?
Bai, inolako zalantzarik gabe.
Horren harira zera esan nahi nuke, jakinarazi zigutela datorren urteko ekimena aurrera eraman ahal izango duten ezin bermatu dabiltzala arduradunak. Kontatu ziguten aurten azken unean lortu zutela babeslea eta horri esker eraman ahal izan zutela aurrera. Hori esanda, azpimarratu nahi dut zenbateraino aberasgarria den egitasmo hau gazteentzako, gu izango baikara datozen belaunaldietan euskal kultura aurrera eramango dugunak. Kike Amonarrizekin egon ginen, adibidez, Tolosara iritsi ginenean, eta hark esan zigun jzioquitarren izenak gogoan hartzeko, horien artetik eragilea, musikari, artista eta bestelako sortzaile asko irtengo zirela… euskalgintzan eragingo duten agenteak, hain zuzen.
