EDUKI BABESTUA

Ikaskuntza prozesu "dinamiko eta berritzailean" murgiltzeko ateak zabalik dituzte Muntteri AEK euskaltegian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 26a, 10:00

Rikardo Izaga (erdian), lankideak alboan dituela, euskaltegi atarian.

Matrikulatzeko epea amaitu aurreko azken egunetako mugimendua nabari da Muntteri AEK euskaltegian (Geltoki kalea, 17). Bertan ari dira ikasle taldeak antolatzen eta beste zeregin ugaritan. 21 urtez (Gasteiztik gure herrira bizitzera etortzearekin batera hasi zen) makina bat eskola eman dituen irakaslea ere bai, Rikardo Izaga. Ohiko lan horiek badute ezohikotik berarentzat aurten, izan ere, jubilatu egingo baita hilaren 30ean. Egun hori ailegatu arte, "ahal duen guztian" laguntzen ari da.

Euskaltzaletasuna, militantzia... dira AEK-k antolatzen duen jarduera berezi horren ezaugarriak, eta baita erakundearen balioak ere, Rikardok nabarmendu duenez. "Euskara dugu ardatz eta horrek batzen gaitu". Horri lotuta, "apartekoa" iruditzen zaio eragile horren parte izatea, izan irakasle edota ikasle: "Ez da beste edozein erakunde bezalakoa, nire ikuspuntutik: elkartasuna eta berdintasuna ditugu alor guztietan".

Hori azalduta, Muntteri AEKn euskara ikastera oraindik animatu ez direnak animatu ditu matrikulatzera: "Beso-zabalik hartuko ditugu, merezi duela eta ez zaiela damutuko". Hori berreste aldera, ikaskuntza prozesuari buruzko zertzelada batzuk eman ditu irakasle zailduak: "Dinamikoa eta berritzailea da, ikasleen beharretara egokitzen dena; etengabe ari gara formatzen irakasleok, horri erantzuteko. Gainera, eskoletan beti umorea erabiltzen saiatzen gara". Horrez gain, azpimarratu ditu genero indarkeriaren bueltan burutzen dituzten protokolo, tailer etabestelako lanketak.

Euskaltegiara sartu eta berehala arnas daitekeen aldarte on horren erakusgarri, TXINTXARRI-ri elkarrizketatxoa eman bitartean alboan izan dituen zenbait irakasleren iruzkinak: "Inbidia ederra emango diguzu, ederki biziko zara, erosketa poltsekin pasako zara euskaltegi ataritik"... Jubilatu osteko bizitza zer-nolakoa izango den ez daki oraindik Rikardok, baina bai laster lankide ohiak izango direnek zer-nola jarraitu behar duten aurrera: "Gogotsu eta batuta".

Rikardok azaldutako esperientzia bizitu nahi dutenek euskaltegira joan edo, bestela, 607 62 52 33 zenbakira deitu edota lasarte@aek.eus helbidera idatzi behar dute urriaren 1a baino lehen.