Gasteizko mobilizazioan parte hartu dute herriko pentsiodunek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 25a, 14:10

Donostialdetik joandako pentsiodunak, gogotsu, manifestazioari ekin aurretik. Argazkia: Lasarte-Oriako pentsiodunak.

Hilaren 15ean Okendo plazan egindako elkarretaratzean iragarri bezala, Lasarte-Oriako Pentsiodunen Taldeko zenbait ordezkarik Euskal Herriko eragilearen deialdiarekin bat egin dute eta Gasteizen izan dira gaur goizean, Andra Mari zuriaren plazatik abiatu den manifestazio jendetsuan parte hartzen. Beste behin, ozen eskatu dute gutxieneko ordainsariak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin parekatzea, baina Eusko Legebiltzarrak ez du onartu EAJ, PSE eta VOXen aurkako botoekin. Pentsioen gaiaz gain nazioartekoez ere arduratuta, Palestinako banderak eraman dituzte ibilbidean zehar.

"Hortzak erabiltzen ditugu irri egiteko, eta, beharrezkoa denean, estutu eta erakusteko". Esaldi horrek ederki laburbiltzen du pentsiodunen aldartea: animotsu daude borrokan jarraitzeko, baina haserre ere bai, urte hasieratik gogo betez landu duten Herri Ekimen Legegilea ez eztabaidatzeko erabakia hartu duelako Eusko Jaurlaritzak, ekimenaren aurkako "inolako zorroztasunik gabeko txosten politikoa" aurkeztuta. Horregatik, "engainatuta" sentitzen dira eta kaleak berrartu dituzte ikasturte berriari ekitearekin batera, pentsio baxuenak Lanbide arteko Gutxieneko Soldatarekin (LGS) parekatzea eskatzen jarraitzeko. "Erakundeak dio Diru Sarrerak Bermatzeko Errentak bermatzen duela pentsiodunen babesa, baina ez du esan jasotzaile independente batentzat LGSren % 100 zen berme hori 2019an baliogabetu zutela, gastu sozialak murrizteko politiken barruan".

Agintariek euren jarrera eta erabakiak aldatzen ez dituzten bitartean mobilizatzen jarraituko dute pentsiodunek, herriz herri nahiz Euskal Autonomia Erkidegoko hiru lurraldeetako hiriburuetan. 

Pentsiodunak, gaur goizeko mobilizazioari ekin berritan. Argazkia: Lasarte-Oriako pentsiodunak.