Munduan, oro har, ez da giro. Horregatik, itolarria gero eta itogarriagoa den honetan, arnasgune paregabeak dira Borobilean Elkartearena bezalako egitasmoak, ziztu bizian eta ezertarako denborarik gabe gabiltzan garaiotan parada ematen digutelako ordu pare batez borobilean (nola ez) eseri eta orotariko gaien bueltan hausnartzeko. Ikasturte berriaren hasierarekin uztartzeko-edo, heziketa aukeratu dute oraingoan, baina ez horregatik bakarrik: garrantzi berezia eman diote eskolari, gero eta aztoratuagoa dagoen gizateria hori iraultzeko "funtsezko" eragilea eta espazioa iruditzen zaielako. "Mundua konplikatua dago eta txikitik hasi beharko dugu, borobilez borobil: etxekoa, eskolakoa, lagunartekoa, herriko komunitatekoa... eta hortik gorako guztiak", adierazi du ekimenaren antolatzaile taldeko kide Joxe Mari Agirretxek. "Elkarri begira jar gaitezen eta parteka dezagun sentitzen dugun guztia, denon artean bide bat adostu eta urratzen hasteko".
Sarreratxoa itxita, hiru gonbidatuak aurkeztu ditu: Amaiurko eskolako zuzendari Nora Salbotx Alegria, Plisti Plasta egitasmoaren sortzaile Txusma Azkona Mendizabal eta Amassorrain ikastolako zuzendari Maider Izagirre Txoperena. Bakoitzak beretik, heziketaren gaineko saioan zehar jorratzeko gako ugari eman dituzte, eta, gero, bertaratu diren ikus-entzuleei eman diete hitza, ekarpenak aberastu eta gogoeta gehiago plazaratzeko. Paradoxikoa dirudien arren, kartzela itxura duen ikastetxe batean (Landaberrin ikasi dugunetako askok pairatu dugu zer-nolako aldaketa den paradisuaren parekoa den Zubietako eraikinetik herri erdigunekora jaistea) itxaropena arnastu dute pare bat orduz, gauzak egiteko beste modu batzuk daudela erakutsi dutelako.
"Hezkuntza utopian sinestea dagokigu"
Salbotx izan da gonbidatuetan hitza hartzen lehena. "Euskal hezkuntzagintza" zertan den azaldu eta gero, tren batekin parekatu du: "Batzuetan badirudi lor genezakeen guztia erdietsi dugula, baina uste dut inondik ere ez garela helmugara ailegatu; aurrera egin behar dugu". Zentzu horretan, unean-unean "utopikoak" izan ziren zenbait kasu –Uztarrotzera irakasle euskaldun bat eramateko eskatzea XVIII. mendean, Elbira Zipitriak Donostiako pisu batean ikastola bat irekitzea edota Iruñeko zortzi familiak aldarrikatutakoa, euskarazko eskaintzarik egon ezean euren haurrak ez zituztela eskolatuko– aletu eta horrelakoetan sinestea dagokigula aldarrikatu du.
Hori horrela, orain artekoa birpasatzearen eta "erronka berriei" heltzearen beharra jarri du mahai gainean: aitortuta ez dagoen zaintzak hezkuntzan duen garrantzia aitortzea; orotariko gorputzentzako heziketa aurrera eramatea; teknologiak eratutako mundu birtualeko kokapena jorratzea; edota hizkuntzaren bidez egitea eta hunkitzea. Norberak bere etxera eraman eta buruari bueltak emateko moduko galderak bota ditu ("Bizitzarako curriculum bat egiten dugu ala curriculum baten baitan bizi gara, beti horren atzetik eta estresatuta?") eta baita kontzeptu ugari partekatu ere, aditu askorenak eta baita uzta propiokoren bat ere, Porrusaldaren pedagogia, kasurako. Gastronomiaren kulturarekin eta hori ere eskoletan txertatzearekin zerikusia du horrek.
Gakoa, haurren gaitasunean sinestea
Amaiurko eskolako zuzendariaren hitzartze paregabearen ostean zaila zirudien maila mantentzea, baina horri ederki eutsi dio Azkonak, haurren gaitasunen garapena bermatzea helburu duen Plisti Plasta proiektuaren sortzaileak. Gogoetak eta bideo laburrak tartekatu ditu ikus-entzuleen arreta mantendu eta umeen ahalmena zer-nolakoa den erakusteko. "Haur bat zenbat urterekin ikusten dugu gai labanarekin aritzeko, iltze batzuk sartzeko edota bizkotxo bat egiteko arrautzak kraskatzeko? Txikitatik, gakoa da haurren gaintasunetan gehiago sinestea".
Ariketa interesgarri bat proposatu die bertaratu direnei: bost patioren argazkiak erakutsi dizkie eta desberdinak ote diren esateko eskatu. Guztiek ondorioztatu dute apenas dagoela diferentziarik eta orduan errebelatu die sekretua: aurreneko irudia ikastetxe batekoa zen, eta beste lauak, espetxeetakoak. Hori lotu du gaur egungo gizartean dagoen joerarekin, haurrak behar baino gehiago babestearenarekin. "Premiazkoa da arriskua bizitzen ikastea haurtzarotik, jolasaren bidez". Horren aurrean, debeku kartelek eta antzekoek eragiten dituen kalteez mintzatu da. Salbotxek bezala, aretotik irten eta buelta bat baino gehiago emateko printzak eman ditu, adibidez, esaera txinatar honek dioena: "Ez epaitu besteak, bizitzak ez baitu mundu guztia berdin epaitzen".
Oasi bat Añorgan
Izagirrek biribildu du beste bi hizlariek azaldutakoa, eskola publikoaren gaur egungo egoera aztertuta eta horren aurrean Añorgako Amassorrain ikastolan egiten dutena erakutsita. Aurrenekoari buruz, "alarmista" izan nahi gabe, gaur egungo ereduaren gabeziek eragindako "egoera larri" batzuk aletu ditu: giza baliabide falta, "agortuta" dagoen ikasleen euskalduntze prozesua, estudianteen premia bereziak asetzeko zailtasunak, plan burokratiko asko baina gero gauzatzeko zailak direnak... "Itolarri orokorra", laburbildu du. Horri gehitu dio jendartearen bilakaera bizkorra eta hezkuntza eragile gisa eskolek erantzuteko duten ezintasuna.
Panorama idor eta basamortu itxurako horren aurrean bada oasirik, edonola ere. Amassorraingoa bertakoa, kasurako. Zentro publikoa izanagatik "autonomia pixka bat" dutela adierazita, osatu duten "hezkuntza komunitate kohesionatuarekin" batera jorratzen ari direna erakutsi du, Berri Txarrak taldeak KOPekin batera Sols el poble salva el poble abestiko esaldi bati erreferentzia eginda: "Herriak bakarrik salba dezake herria". Adibide oso interesgarriak eman ditu Izagirrek. Begira: "Hezkuntza Sailetik jasotzen ditugun baliabideak ez dira nahikoak premia bereziak dituzten ikasleei erantzuna emateko, eta, horren aurrean, klaustroko irakasleok aho batez erabaki genuen lanorduen poltsatik pare bat bideratzea eskoletan errefortzuak emateko, estudiante guztiek ez baitute irakasle espezialista baten laguntza jasotzeko aukerarik".
Gogoetaz gogoeta, iluntzeko bederatziek jo dute eta elkar agurtzeko ordua iritsi da. Horren aurretik, hiru gonbidatuek opari bana jaso dute antolatzaileen eskutik: "Txapasen kaxa magikoa ipuin ilustratua eta diskoa, heziketan aritzerakoan bokazioa, ilusioa eta maitasuna oinarri dituzten lagunak omentzen dituenak".