Ostadar Saskibaloia ataleko taldeek, garaipena bigarren jardunaldian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 25a, 09:30

Lehen jardunladiko Junior errendimenduko neurketako borroka.

Lehen jardunaldian posible izan ez zena, bigarrenean eskuratu dute Ostadar Saskibaloi taldeko ordezkariek. Junior Errendimendu zein Kadete Errendimendu Urrea taldeek euren neurketak irabazi zituzten

Kadeteek Easo Basket Alvite Arquitectura taldearen aurka neurtu zituen indarrak, Altzako kiroldegian, Donostian.

Indartsu hasi ziren lehian Jonatan Reinoren jokalariak. Erasoan ongi egin zuten lan eta aurkariari ez zioten aukerarik eman saskira gerturatzeko. Ondorioz, 2-14 amaitu zen laurdena. 

Neurketaren ildoak jarraituko zuela zirudien arren, aurkariaren aldaketa taktikoek itzulia eman zioten egoerari. Ostadarrek ezin izan zuen saskiratzerik egin eta donostiarrak, aldiz, markagailuan aurreratu ziren, 22-20.

Atsedenaldiaren ostean, berriro ere, zerotik hastea bezala izan zen talde urdin-beltzarentzat. Gogotsu atera ziren kantxara Lasarte-Oriako jokalariak eta borrokatua zirudien lehia (36-37), zortzigarren minutuan apurtu zuten lau saskiratze eta pertsonal marrako puntuei esker. 

Bederatzi puntuko aldearekin egin zion Ostadarrek aurre azken laurdenari. Erasoan ongi amaituz, tartea mantendu eta pixkanaka handituz joan zen. Era horretara, 49-67 amaitu zen partida. 

Azken laurdena

Junior Errendimendu taldeari dagokionez, neurketa borrokatuagoa jokatu zuen Gonzalo Alviteren jokalariek Bera Bera Rikardo tabernaren aurka.

Lehen hamar minutuetan bi taldeek defentsa gogorra egin zuten eta puntu gutxi igo ahal izan ziren markagailura, 5-5. 

Hurrengo laurdenean ere ederki borrokatu behar izan ziren bi taldeak baina urdin-beltzek hiru puntu aurretik jartzea lortu zuten (13-16).

Donostiarrek ez zuten amore emango eta atsedenaldiaren ostean ere, lehia estua izan zen puntuak eskuratzeko. Era horretara, aukariak puntu bat gerturatzea lortu zuen 13-12ko partziala eginez.

Aken minutuetan Ostadarrek ongi eutsi zion Bera Berari eta ez zuen saskiratze zein pertsonal puntutik hutsik egin. Ondorioz, 32-42 gailendu ziren urdin-beltzak.