Taula Xake klubeko kideak, lehiaz lehia

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 24a, 15:55

Dani Vegas (urdinez, eskubian) eta Pedro Garcia (beltzez, erdian), Hondarribiko Xake txapelketan. Arg.: Marlaxka Xake Kluba.

Taula Xake klubeko kideak banakako Gipuzkoako txapelketako lehiaren zain daude. Bien bitartean lehiaketaz lehiaketa ari dira kideak eta gaztetxoak. Eskola ere martxan jarri da

Taula Xake klubeko kideek hilaren 19an eman zioten hasiera xake eskolako saioei.

Ostiralero zortzi urtetik gorako gaztexoak bilduko dira 18:00tatik 19:30era Blas de Lezoko lokalean kirol honetan trebatzeko.

Xakean lehen pausoak eman edo euren teknika hobetu nahi duten haur eta gaztetxo guztiei irekia dago taldea.

Lehen postuetan

Saioak hasi bitartean, hilabete honetan lehiaz lehia ibili dira taldeko gaztetxoak eta hainbatetan lehen postuetan izan dira.

Hondarribia 16 urtez azpiko VIII. Xake Jaialdia jokatu zen, hilaren 13an. Taulako sei gaztetxo multzo ezberdinetan parte hartu zuten. Bakoitzak sei partida jokatu eta Daniel Vegas bigarren sailkatu zen bere multzoan. 

Astebete lehenago, 14 urtez azpiko Beraun Berako txapelketa izan zen Errenterian. Taldeko bost kide izan ziren lehian eta Taula kide Pedro Garcia izan zen garaile.

Hilaren hasieran, gainera, Nazioarteko Groseko Xake Irekia ere lehiatu da eta maila zein nazio ezberdinetako jokalariei aurre egin diete aipatu Garcia, Vegas eta taldekide Erlantz Sanchezek.

Helduak ere lehian

Taldeko helduak, bestalde, banakako Gipuzkoako txapelketaren zain daude. Maila ezberdinetako lehiak urriko bigarren asteburuan hasiko dira eta taldeko kideak II. eta II. mailan borrokan izango direla aurreratu dute taldeko arduradunek.

Bien bitartean, udan zein iraila hasieran ere hainbat probatan izan dira Taulako ordezkariak. Horietako batzuk laguntasunaren zirkuitu hitzorduak izan dira, hala nola, Santurtzin (Bizkaia), Beraun Bera edo Azpeitian. Hurrengoa urriaren 12an, Abadiñora (Bizkaia) egingo dute bidaia.

Horrez gain, hilaren 20an, Taulako hainbat kide Astigarragako Gaueko Pizza ganbito lehiaketan izan ziren. Eskolako irakasle Pablo Arrondo bederatzigarren sailkatu zen proban.

Sasoetako Jaiak

Azkenik, Sasoeta auzoko jaien barruan, urriaren 4an, 16:00etan Sasoeta Sasoian elkarteko lokalean xake txapelketa antolatuko duela jakitera eman du taldeak. Herritar guztiak gonbidatzen dituzte parte hartzera. Izan ere, adin guztietako herritarrei irekitako lehia izango dela nabarmendu dute arduradunek.