Plaza bakarreko ibilgailuek egin zituzten denborarik azkarrenak. Kategoria horretan lehiatzen da Manso herritarra; bere mailako garaile izan zen eta sailkapen orokorrean laugarren amaitu zuen.
Lasarte-Oriako gidaria ongi ibili zen entrenamenduetan eta lehen marka lortu zuen bietan. Lehen lasterketa jokatzerako lurraren baldintzak aldatu ziren, ordea; lurra lehortu zen. "Lehen kronometraturako errepidea lehortu zen eta guk ez genituen aldatu kotxeko doikuntzak. Horrek lasterketan eragin zuen eta laugarren (02.56,603) izatearekin konformatu behar izan ginen. Hori izan zen, gainera, serie azkarrena eta beraz, sailkapen orokorrean laugarren izan nintzen".
Azken lasterketan, berriro, euriarekin, Manso izan zen azkarrena, baina ezin izan zituen aurreko markak gainditu.
Muga eta Kortajarena, aldiz, turismoen kategorian borrokatu ziren. Hauek errepide lehorraz baliatuz, euren markarik onena lehen lasterketan egin zuten. Horri esker, Muga 6. mailako garaile izan zen (03.19,604); Kortajarenak, aldiz, 8. mailako bigarren postua (03.30.920).
Pena eta Urrakiko igoera
Aitor Mansok pena du proba ez irabaztearekin, baina gidari gazteak azaldu duenez, pozik dago egindako lanarekin: "Jaizkibel irabaztea zen ametsa, baina alde ona ere badu. Proban ongi moldatu gara eta lur bustian erritmoa mantentzen dugula ikusi dugu. Errepidea bustia dagoenean ongi lehiatzen dugu eta poztekoa da hori".
Horrelako bizipenetatik ikasten dela adierazi du herritarrak eta Euskadiko Mendi igoeren azken proban hasi da pentsatzen dagoeneko: "Hilabete barru Urrakiko igoera dugu, denboraldiko azken lasterketa eta hori prestatzea dugu buruan".