Nortindal Donostiarra, hurrengo urtean ere Euskotren Ligan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 23a, 13:00

Donostiarra Nortindal, Portugaleteko saioa amaitu ostean. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga.

Asteburu erabakigarria bizi izan du Nortindal Donostiarra ontziak hilaren 20an eta 21ean. Euskotren Ligako kanporaketa jokatu du Enara Arruti kide duen eskifaiak eta ederki egin dio aurre erronkari. Bantxa lehen egunean garaile eta sailkapen orokorreko bigarren izan da. San Juan CMO Valvesekin batera jokoan zeuden bi postuak eskuratu dituzte

Bermeo zein Portugaleten (Bizkaia) lehiatu dira kanporaketako bi jardunaldiak. Nortindal Donostiarra, San Juan CMO Valves, Zarautz Gesalaga Okelan, Chapela Wofco eta SD Tiran Pereirak bi erlojupeko jokatu behar izan zituzten. Gipuzkoako hiru ontziak ederki borrokatu ziren hurrengo denboraldian ligan lehiatu ahal izateko.

Bermeon itsasoan egin zuten lehia parte hatzaileek. Marea bizia izan zen eta alboko haizeak ere baldintzatu zuen eskifaien jarduna. Baina arraunlariek ederki erakutsi zuten euren balioa.

Pasaitarrak eta zarauztarrak lehen zatian berdintsu joan arren, batelerek arrosek baino segundo bat gehiago behar izan zuten ziabogan.

Bantxak, aldiz, Zarautz Gesalaga Okelanen denbora berdindu zuen puntu horretan.

Itzuleran donostiarrek aldea handitu eta denborarik onena egin zuten. Arrosek, aldiz, Enbatak baino luze hobeagoa egin eta bigarren postuan amaitu zuten lehia.

Era horretara, Nortindal Donostiarrako eskifaiak eraman zituen garaipeneko bost puntuak eta pauso handia eman zuen hurrengo denboraldian Euskotren Ligan lehiatzeko.

Hurrengo egunean, ibaian neurtu zituzten indarrak, Portugaleten. Donostiarrak azkenak izan ziren irteeten; Bantxan Enara Arruti herritarra izan zen tostan.

Horien aurretik lehiatu ziren zarauztarrak eta pasaitarrak. Bermeon lehiatutako saioaren antzera, bi ontziak denboran pareko joan ziren ziabogara arte. Bira egin ostean, batelerek erritmoa bizitu eta aldea ireki zuten Enbatarekiko. Helmugan, azkenik, zortzi segundoko errenta lortu zuten.

Bantxako kideek ederki egin zuten arraun, garaipena lortzeko ez zen nahiko izan, ordea; bi segundo galdu zituzten ziabogan eta helmugan ia lau. Ondorioz, bigarren sailkatu ziren lau puntu eskuratuz. 

Era horretara, San Juan CMO Valvesek eta donostiarrek garaipen eta bigarren postu bana eskuratu zuten kanporaketan, baita puntu kopuru bera ere. Bigarren egunean arrosen errenta handiagoa izanik; batelerak izan ziren lehiako garaile. Baina biek euren helburua bete zuten; hurrengo urteko Euskotren Ligako txartela. 

Asteburuko emaitzak:

1. kanporaketa, Bermeo
  1. Nortindal Donostiarra  11.45,00
  2. San Juan CMO Valves 11.46,98
  3. Zarautz Gesalaga Okelan 11.49,10
  4. Chapela Wofco  12.08,58
  5. SD Tiran Pereira 12.29,70
2. kanporaketa, Portugalete
  1. San Juan CMO Valves 10.34,04
  2. Nortindal Donostiarra 10.37,60
  3. Zarautz Gesalaga Okelan 10.42,18
  4. Chapela Wofco 10.49,36
  5. SD Tiran Pereira 11.04,50
Sailkapen orokorra
  • San Juan CMO Valves 9 puntu.
  • Nortindal Donostiarra 9 p.
  • Zarautz Gesalaga Okelan 6 p.
  • Chapela Wofco 4 p.
  • SD Tiran Pereira 2p.