Herriko nagusiek ostiral honetan, hilaren 26an, egingo dute Ondo ibili ekimenaren barruan lehen ibilaldia. Ohi bezala, Okendo plazatik abiatuko dira parte hartzaileak 11:00etan, eta egitasmoa espresuki nagusiei zuzenduta dagoen arren, oinezko paseo osasuntsuan parte hartu nahi duen edonork parte har dezakeela jakinarazi dute antolatzaileek. Horiek ohartarazi dute aurrez zehaztutako ibilbidea jarraituko dutela partaideek. Horren guztiaren berri eman berri dute arduradunek. Agerraldian izan dira Agustin Valdivia alkatea, Gizarte Zerbitzuetako buru Lurdes Acevedo eta Kirolak saileko zinegotzi Goizalde Pildain.
Valdiviak esan du aipatu ekimenak erakusten duela gizarte eragile, elkarte eta udalaren arteko elkarlanak herritarrentzat "onura zuzenak" dakartzala: "Ez dugu osasuna bakarrik sustatzen, gizarte kohesioa eta gure adinekoen ongizatea ere bultzatzen dugu". Hori esanda, gaineratu du bakardadea saihesteko eta loturak sortzen eta osasun emozionala zaintzen laguntzen duela.
Astean behin, ekainera arte
Gizarte arloko zenbait eragileren arteko elkarlanaren emaitza da Ondo ibili, hauen artekoa hain zuzen: Biyak Bat erretiratuen etxea, Atsobakar zahar egoitza, Nagusilan egitasmoa, Lasarte-Oriako Udala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza.
Arestian aipatu bezala, ibilaldiak ostiralero egingo dituzte. 11:00etan abiatuko dira, Okendo plazatik eta ekainera arteko iraupena izango du egitasmoak. Jardueraren xede nagusien artean honako hauek nabarmendu dituzte antolatzaileek: adineko pertsonak aktibo mantentzea, ibilaldien bidez ariketa fisikoa sustatzea eta harreman sozialak bultzatzea.
Hala, antolatzaileek azaldu dute programak askotariko mailetako hainbat ibilbide eskaintzen dituela: distantziari dagokionez, motzena Atsobakarreko ibilbidea izendatu dutena da (2.200 metro), eta luzeena, aldiz, Plazaolakoa (4.800 metro). Hala, abertitu dute ibilaldia abiatu eta 500 metrotik behin, seinaleak, iturriak eta ariketak egiteko makinak dituzten guneetara iritsiko direla.
Agerraldia amaitu aurretik, herritarrak ekimenean parte hartzera deitu dituzte udal ordezkariek.