Erdi Aroak hartu du herria, asteburuan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 21a, 21:00

Zenbait mende atzerako bidaian murgilduta izan da Lasarte-Oria asteburu honetan, IX.Erdi Aroko Xacobeo merkatu azoka dela-eta. 

Dagoeneko iraileko tradizioa bihurtu da IX.Erdi Aroko Xacobeo merkatu azoka. Hilaren azken txanpa ailegatuta, lasarteoriatar orok jakin, badaki, laster Kale Nagusiak eta Okendo Plazak denboraren makina bati esker denboran atzera egingo dutela, asteburu batez. Askotariko produktuak izan dira salmentan azoka horretan. Hala ere, ondasunak eta goxoak ez ezik, ikuskizunak ere izan dira ostiraletik iganderako tarte honen elementu. 

Pultserak, eraztunak, sendabelarrak, arropa, motxilak, apaingarriak... hamaika gauza erosteko aukera izan dute herritarrek. Jatekoen eskaintza ere ez da laburra izan. Gozoa zein gazia, askotariko produktuak topatu ahal izan dira: gaztak, txerrikiak, olibak, goxokiak, eta abar. Betiko legez, otordua egiteko taberna eta jangela jarri dute. 

Urteroko martxan, musikaz eta emanaldiaz gozatzeko tartea ere izan da. Aurtengo berrikuntza nabarmenena Talikser eskoziar taldearen parte hartzea izan da. Musikari hauekin batera, Ramalleira eta Barzonia taldeek ere kaleak girotu dituzte, perkusioz eta haize instrumentuz interpretatutako abestiekin. Kurioski; Pirritx, Porrotx eta Marimototsen Maite Zaitut abestiaren erdi aroko bertsioa jo dute.

Bestalde, urtero legez, akrobazien emanaldia eskaini da. Okendo Plazan ipinita, publiko mordoa bildu da, akrobaten inguruan. Aho bete hortz, etxeko txikienek parte hartzeko aukera ere izan dute, erakustaldi batean. Tamalez, eguraldi txarragatik, erdi aroko borrokak bertan behera utzi dira lurra irristakor zelarik, arriskutsua zelako jarduerarekin aurrera egitea. 

Musikak musika, hainbat tailerretan parte hartzeko aukera eskaini dute. Loreontziak buztinez egiteko postua edota hariz otarrak egitekoa. Eskulanak egitera animatu direnak grina hori asetzeko beta izan dute. 

Ostiral arratsaldean ireki zen azoka, eta igande arratsaldean itxi. Hurrengo urtera begira, denboraren makina berriro gorde da Erdi Arora beste behin bidaiatzeko prest izan dadin. 

Erlazionatuak