Nerabe zela hasi zen Aiora Arrese Aierbe Perdida Encontrándome liburua idazten, eta nerabe izaten jarraitzen duelarik argitaratu du. Poesia generoa landu du, bertan. Idaztea betidanik gustatu zaio Arreseri eta aspalditik izan du obrarik publikatzeko ametsa. Alabaina, sormenerako bazka terapia hasi zueneko garaia izan du. Izan ere, duela hiru urte terapeutarengana joaten hasi ostean, lanketa pertsonalari ekin zion. Sentimenduak "askatzen" eta "kanporatzen" hasi zelarik, literaturan "gehiago" murgildu zen. Bere bizipenetatik zein ingurukoen pasadizoetatik abiatuta, pixkanaka-pixkanaka ondu du bere lehenengo obra literarioa. Izenburua okurritu zitzaion, lehendabizi. Haren ondotik etorri dira poema guztiak.
Bildumak helburu du "autoezagutzaren balioa erakustea" eta "irakurleak hortaz jabetzea". Idazleak norbera bere buruarekin gustura egoteko gonbita luzatu du bere poemetan; era pertsonalean eta zuzenean gizakiok euren izatearekin harremantzea, hain zuzen. Norbanakoaren etxe emozionalean nahierara egotea.
Xede hartatik errotuta, emozio eta sentimendu asko plazaratu ditu lasarteoriatarrak, Perdida Encontrándome bilduman. Badu beldurretik asko, dolutik ere. Arresek kapituluka antolatu ditu poemak atal bakoitza bere "bizitzaren geltokien" metafora izan dadin. Egitura honek idazlea bere osotasunean ezagutzeko aukera ematen du. Era berean, Aiora guztiak elkartzen dituen poema batek ixten du liburua. Askotariko testuez osatuta delarik, idazleak ibilitako bidea nolakoa izan den erakusten du.
Bestalde, segurtasunik eza eta maitasuna askotan agertzen dira poesien lerro artean. Erromantikoa ez dela jakinarazi duen arren, idazleak maitasunari atalburu osoa eskaini dio. Bere obrak bizitzarekin izandako lotura estua izanda, jende berria ezagutu eta horrek sortutako "adrenalina" ateratzeko kanala izan du idazketa. Finean, Perdida Encontrándome bere bizitzan inspiratu da. Horrenbestez, Arreseri jazotakoak bere isla izan dute, bere kreazioan, bete-betean.
Sortzeak bezain besteko esfortzua eskatzen du argitaratzeak. Horixe bera ondo daki idazle gazteak. Hiru urteren bueltan idazten aritu ostean, buru-belarri, publikatzeko grinak asaldatu zuen. Idatzitako poema guztiak dagoeneko antolatuta zituen, hots, liburu forma emanda. Horretarako, hasieratik kreatutako guztia inprimatu eta autoezagutzari buruz aritzeko ardatzari jarraiki, irizpide horren arabera antolatu zituen olerkiak.
Autopublikatzea erabaki zuen gazteak, hasiera batean. Dena dela, "kostuagatik eta beste hainbat konturengatik", aukera hori baztertu zuen. Halako batean, irakasle batek Diversidad Literaria argitaletxeari buruz hitz egin zion. Editorial horrek eskainitako zerbitzuekin eta aukerekin kitzikatuta, Arresek berehala bidali zion liburua maistrak emandako kontaktuari. Eurengandik baiezkoa jasota, artefaktua publikatzeko prozesua martxan jarri zen.
Esfortzuak esfortzu, harrera "beroa" eskertu du Arresek. Bere familiari eta lagunei eskerrak luzatu nahi izan dizkie prozesuan zehar eskainitako "babesagatik". Horrekin batera, mezu bidez berarekin harremanetan jarritakoak gogoratu ditu feedback oso positiboa jaso baitu beraiengandik.
Aurrera begira, proiektua
Euskaraz idazteko irriketan dela aitorturik, lasarteoriatarrak hurrengo proiektua Perdida Encontrándome euskaratzea izatea nahi duela jakinarazi du. Nahiz eta erronka "polita" dela onartu, gaztelaniatik euskara errimak galdu egin daitezkeelako, gogotsu gaineratu du bertsolaritzan izandako esperientziak egiteko horrekin lagundu diezaiokeela.