Konponketa eta berrikusketa lanetan aritu dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 19a, 20:35

Askotariko adineko herritarrak gerturatu dira Kalbario Plazan ipinitako furgoneta-tailer ibiltarira. Argazkia: TXINTXARRI

Europako XX. Mugikortasun Astearen egitarauari ekin aurretik, herriz herri arituko den furgoneta-tailer ibiltariak parada izan du, Lasarte-Orian, ostiral arratsaldean. Gipuzkoako Foru Aldundiak prestatutako ekimena izan da eta 'Jarri prest zure bizikleta MUGIrekin' du izena.

Lau orduz aritu da lanean furgoneta-tailer ibiltaria, Kalbario bidean, 16:00etatik 20:00etara. Euren txirringak eta MUGI txartel pertsonalizatuak. Bi elementu horiekin gerturatzea nahikoa izan dute lasarteoriatarrek doako berrikusketa eta konponketa lanak jasotzeko. Gurasoak eta seme-alabak joan dira, lagun kuadrilak eta norbanakoaren txirrinda propioa. Harrera beroa egin diote herritarrek jarduerari. 

Hasiera, bakarrik 

Ostiral arratsaldeko ekitaldiak helburu izan du mugikortasun ohitura jasangarriak eta osasungarriak sustatzea. Era berean, datorren asteko programaren aurrekaria izan da, menuarekin hasi aurretiko aperitiboa, hain zuzen. Izan ere, xede berari jarraiki, ekitaldi mordoa eramango da aurrera, hurrengo egunetan. 

Hasteko, hilaren 22an, Manttangorri hiribusean mugitzea doakoa izango da. 26ean, ospakizuna Ttipi-ttapa, ondo ibili!  egitasmoarekin hasiko da. Jarduera bera prestatu izan ohi dute adineko pertsonek oinez ibiltzeko ohitura har dezaten. Finean, ostiralero elkartzen dira helburu hori betetzeke, eta egun horretan, hots, 26ean,  hitzorduarekin bat egingo dute, betikolez. Okendo plazatik abiatuko dira, 11:00etan.

Egun bereko arratsaldean, 17:00etatik 19:30era bizikletaren txirrina atontzeko tailerrak eramango da aurrera, Okendo Plazan. Hori ez ezik, liburutegiarekin elkarlanean, irakurle txokoa prestatuko da. Kale Nagusian eta enparantzan, jolasean aritzeko berariazko espazioa prestatuko da. 

Bien bitartean, ipar martxa saioari ekingo diote helduek, eta Ostadar SKT taldearekin elkarlanean antolatuta, Okendo plazatik partituko dira, 18:00etan. 

Era berean, bigarren eskuko bizikleten azoka izango da aurten ere; 15.a. Okendo plazan egingo da, 16:30etik 20:00etara. Bizikletarik saldu nahi dituztenek zenbait argibide jasoko dituztela arduradunen eskutik. Alabaina, Ibilgailua saltzeko, aurrez izen emate orria betetzea ezinbestekoa da. Honako helbidean egin dezakete inskripzioa interesdunek: www. merkabi.eus/lasarte-oria . Horrez gain, edozein zalantza argitzeko telefono zenbakia ere jakitera eman dute: 943-67 02 49.

Antolatzaileek jakitera eman dute gordailu zerbitzua 15:00etatik 16:30era egingo dutela. Beraz, inskribatutako bizikleta edo patinetea ordutegi horretan eraman beharko dute jabeek. Bestalde, ez omen dira onartuko 600 euro baino gehiagoan saldu nahi diren txirringak, eta azokan parte hartzeko, adin nagusikoa izan beharko da. Izan ere, NAren datuak eta telefono zenbakia eskatuko zaizkie saltzaile orori, eta paper batzuk sinatzeko ere bai.