Liburuaren nondik norakoak kontatzen hasi aurretik, aldamenean izan zituen solaskideei eskerrak eman zizkien Eceolazak. Imanol Lizarralderi, ekitaldiaren sarrera gisa egindako gogoetagatik, eta Josu Elesperi, Froilan aita ETAk 2001eko martxoan hil zuenetik bizitakoa partekatzeagatik, "trauma baten geografia" erakusteagatik. "Inor ez da hotz geratzen zu entzun eta gero". Hori esanda, gehitu zuen lasarteoriatarrarena bezalako bizipenak nabarmendu dituela ETA: la memoria de los detalles lanean.
ETAren indarkeriaren beste biktima baten hitzak ere ekarri zituen, Fernando Buesa politikariaren alaba Maiterenak, honakoa galdetzeko: "Zer egingo dugu gertatu zaigun guztiarekin?". Horri erantzuteko gako batzuk eman zituen, bere ikuspuntutik: kontziente izan behar dugula biolentziak eragin duen guztiaz, ez soilik erailketak egin zituztenean ETAko kideek, baita gerora eragin zuen guztiaz ere. "Horrelako traumak gainditzeko hiru edo lau belaunaldi igaro behar izaten dira". Horri lotuta, aldarrikatu zuen "borroka armatuaren urte horietan guztietan gertatutakoari buruz hausnartzearen garrantzia", betiere "epaiketa sumariorik egin gabe". Bestela esanda, bizikidetzari mesede egiten diola oroitzeak, eta ez alderantziz: "Badirudi gogoratzeak arriskuan jartzen duela elkarbizitza; akatsa da hori".
Zenbait "mito" suntsitzearen beharraz ere jardun zen: "ETA erakunde antifrankista izan zenarena, adibidez. Aukeratzen dituzte bigarren biktima [Meliton Manzanas] eta zortzigarrena [Luis Carrero Blanco], 1975a baino lehen eraildako beste 42 biktimak kontuan izan gabe. Gutxitan nabarmetzen da, oro har, 1974an Madrilgo Rolando kafetegian akabatu zituzten hamahiru pertsonak". Norabide horretan, adierazi du "ETA, pentsatua izan zen une beretik, desastre hutsa" izan zela.
"Liburua idatzi bitartean izugarri deitu zidan arreta [Josu Elesperi zuzendu zaio] heriotzaren aurrean izan duzuen kontzientziak; bazenekiten posiblea zela, irits zitekeela. Zuek ez bezala, nik lasai egin ahal izan dut politika", nabarmendu zuen Eceolazak.
Lanaren izenburua ilustratzen duen argazkiari buruz ere mintzatu zen idazlea, "euskal gizartearen aurpegi krudelenaren testigantza" dena: "2000. urteko maiatzaren 7an erail zuten Jose Luis de Lacalle eta hurrengo egunean egin zuen pintaketa ekintza horren alde zegoen pertsona batek, ez bera akabatu zuen ETAko komandoak. Krudeltasuna erakusten du horrek".
Memoria, "bizirik"
Atzoko agerraldia baloratu du Ganbo Iturri elkarteak, horrelakoen balioa azpimarratuta. "Eceolazak, Lizarraldek eta Elespek erakutsi digute historia ez dela zenbaki handiekin bakarrik egiten, baizik eta xehetasunekin. Horiek mantentzen dute bizirik memoria". Antonio Mercero aretoa bete izana "konpromiso kolektiboaren erakusgarri" izan da eragile horretako kideentzat: "Entzun nahi duen gizarte bat gara, ahaztu nahi ez duena, eta badakiena memoria dela biktimak ezkutuan gera ez daitezen tresna".
Bide horretatik, memoria "funtsezkoa" dela aldarrikatu dute, "krudelkeria eufemismoekin ez estaltzeko" bidean: "Borroka armatua gatazka edo beste hitz lauso batzuekin justifikatu nahi duten diskurtsoei aurre egiteko modua da, bidegabea izan zen indarkeria ez zilegitzeko". Amaitzeko, adierazi dute xehetasunetan dagoela "gogoratzeko, eusteko eta biktimak inoiz ezkutuan gera ez daitezen bermatzeko indarra".