Intzako pilotariek ongi jardun arren, ezin saria lortu

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 18a, 12:30

Etxean zein kanpoan Intzako pilotariek ezin izan dute garaipenarekin hasi Kluben arteko Ezker Hormako Gipuzkoako txapelketa. Ongi jokatu arren, aurkariak gailendu dira Michelin pilotalekuan, Alegin zein Villabonan

Gomazko paleta bikoteak eman zion hasiera pilota taldearen denboraldiari hilaren 12an. Iker Artetxe eta Jagoba Mendizabalek Intxurre 1 bikote izan zuten aurrez aurre denboraldiko lehen partidan, Alegin.

Intxurreko atzelari Zabalak indartsu jokatu zuen eta alegiarrak nagusi izan ziren hasieratik. 

Neurketako lehen zatian gertu ibili ziren Intzako kideak, baina partidak aurrera egin ahala aldea handitzen joan ziren etxekoak. 

Intzako kideen pilota zein postu aldaketek ez zuten balio izan aurkariei gerturatzeko; ondorioz, 25-14 gailendu zen Intxurre 1.

Egun bat geroago, Villabonara egin zuten bidaia kadete II. mailako kideek; Behar Zana 1 zuten zain. Kimetz Atorrasagasti eta Oier Elolak euren onena eman zuten neurketan, baina aurkariek sakearekin min handia egin zieten eta 22-12 galdu zuten. 

Intzako arduradunek jakitera eman dutenez, gaztetxoek lehen aldi bikoitza izan zuten; lehenengoz jokatu zuten bikote modura eta tokeko pilotarekin lehen partida zuten. Hori dela eta, jardunean huts batzuk izan zituztela eta pilotari dagokionez, oraindik horrekin jokatzera ohitzen ari direla azpimarratu dute.

Michelin pilotalekuan, aldiz, Nagusien III. Mailako bikotea izan zen lehena etxean jokatzen. Tolosaren aurka indarrak neurtu zituzten estreinakoz bikote modura Jon Pello Artetxek eta Inhar Egaña azkoitiarrak. Intzako arduradunak pozik daude bikoak egindako lanarekin: "lehen aldia zuten elkarrekin jokatzen baina ongi moldatu ziren".

Neurketa parekatua hasi zen. Lau pilotariek serio jokatu zuten eta tanto gogorrei aurre egin behar izan zieten.

Hamaikana berdindu ostean, aldatu zen egoera. Etxekoek huts pare bat egin eta sakea ongi baliatu zuten tolosarrek aurre hartzeko, 11-19. 

Intzako kideek ez zuten amore eman eta 16-19 gerturatzera iritsi ziren. Baina etxekoen beste huts batek 16-20koa jarri zuen markagailuan. Azken bi tantoak ederki borrokatu arren, Artetxe-Egañak ezin izan zuten euren aldeko izatea lortu eta Tolosarrek eraman zuten garaipena, 16-22.

Guztiak lehian

Bestalde, lehen jardunaldian atseden izan ostean, kadetea III. mailako kideak lehian hasiko dira hilaren 20an. Era honetara, bi kadete bikoteek Michelin kirol guneko pilotalekuan jokatu dute, 16:00etatik aurrera.

Egun bat lehenago, hilaren 19an, nagusien mailako ordezkariak arituko dira; gomazko palako kideak, 19:00etan, Loidibarren pilotalekuan eta eskuz binaka, Beasainen.