Lasarte-Oriako arte eszenaren erronka, oztopo eta helburuez hausnartuko dute

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 22a, 09:00

Autodromo egitasmoa sortu berri dute Lasarte-Oriako zenbait gaztek. Hauxe dute helburu: udalerriaren barruko arte esparruan dabilen jendea batu eta eztabaidarako zein elkargunerako espazio bat ematea. Norabide horretan, 'Lasarteko arte eszena: erronkak, oztopoak eta helburuak¡ mahai ingurua aurrera eramango dute ostiral honetan Antonio Mercero aretoan, 18:30ean. "Kuriositatea" duen edonor bertaratzera gonbidatu dute.

Aipatu ekimen hori testuinguruan jartze aldera, azalpenak eman dituzte sustatzaileek: "Autodromo egitasmoa Lasarte-Oriako zenbait gazteren eskutik jaio da. Bere helburua da herrian arte esparruan mugitzen den jendea batu eta eztabaidarako eta elkargunerako espazio bat ematea. Jakin badakigu herrian musikaz blai eta artean murgildutako jendea badagoela, baita kontzertuak, erakusketak eta hitzaldiak gustuko dituenak ere. Era berean, badira gazte asko kezkak partekatzen dituztenak arlo honetan, esate baterako: instituzioen trabak jaialdiak antolatzeko, norabide politiko eza duen arte eszena edota gazte langileon interesen arabera antolatutako espazioen falta. Horrexegatik, oraingoan mahai inguru bat antolatu dugu".