ESKUTITZA

Lurraldebus-en zerbitzuarekin haserre

Konsuelo Iraola Maeztu 2025ko ira. 19a, 07:25

Herritar ugari autobusa hartzen atzo, 07:10ean, Kale Nagusiko geltokian.

Mezu honen bidez nire haserrea adierazi nahi dut Lurraldebus-eko autobusetako erabiltzaile gisa.

Aurrekoetan kexak udalera eta Lurraldebusera bideratu ditut baina ez dut inolako erantzunik jaso izan.

Donostian lan egiten dut eta normalean autobusa hartzen dut gertutasunagatik. Busa 07:00 eta 07:30etako ordu tartean hartzen dut. Lotsagarria da nola eramaten gaituzten busean, sardinas en lata ematen dugu: Tolosatik datorrena (BU07), Andoaindik datorrena (BU03), Ospitalera doana (BU02), Amaratik doana (BU04).

Oporrak bukatuta eta ikasturtea hasita, oraindik okerragoa da. Ezin al dituzte puntako orduetan zerbitzu gehiago jarri?

Gainera, erabiltzaile askok busa erabiltzeari utzi diote arrazoi horrengatik eta trena hartzea erabaki dute etxetik zein lanetik urrutiago egon arren. Horiek ez dituzue geltokian topatuko... Autobus konpainiaz aldatu zutenetik, Lasarte-Oriako biztanleak galtzen atera gara. Lehen, ordu puntualetan Lasarte-Oria bertatik ateratzen ziren busak geneuzkan eta aldaketarekin zerbitzu horiek desagertu egin ziren. Orain, berriz, Andoain eta Tolosatik ateratzen dira guztiak eta Lasarte-Oriara beteta iristen dira. Sartzea lortzen badugu beti zutik joatea tokatzen zaigu... Badakit jende gehiagok ere idatzi duela udalera eta Lurraldebusera eta erantzuna berdina izan da.