Udan herritarrak itsas zeharkaldietan izan dira lehian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 17a, 15:30

Kontxako badiako igerialrian lehiatu ziren buruntzaldea IKTko kideetako batzuk. Arg.: Buruntzaldea IKT.

Udan zehar igerilekutik itsasora egiten dute herriko igerilariek. Nahiz eta eguraldiak, itsasoaren egoera edo karabela portugesek entrenamenduak eta probak baldintzatu, hainbat zeharkaldietan izan dira Lasarte-Oriako ordezkariak lehian

Abuztuko lehen proba, Txingudiko badiako itsas zeharkaldia hilaren 9an jokatu zen eta horretan Joseba Egia herritarrak parte hartu zuen (39.55). 

Sei egun geroago, hilaren 15ean, bero izugarriarekin Paseo Berriko igerialdia lehiatu zen. Egia bera (41.19) eta Laura Arroyo (49.25) izan ziren herritarren artean lehenak. Buruntzaldea IKTko Igor Amantegi (47.53) eta Manu Santos (55.01) kideek ere amaitu zuten proba. 

Hilabeteari amaiera emateko, hilaren 31n, Donostiako Irlako igeriketa zeharkaldiari egin zioten aurre igerilariek. Itsaso zakarra eta olatu handiak zeudenez, ibilbidea Kontxako badiara mugatzea erabaki zuten antolatzaileek. Buruntzaldea IKTko Amantegik 57.18 marka egin zuen helmuga; Laura Igea ere izan zen lehian (01.03.45).

Eta irailean ere izan da probarik. Zehazki, hilaren 13an, Kontxa Badiako Igerialdia. Itsas mugitua izan zen badian; hala ere, herritar talde bat izan zen igerian eta guztiez artean, Buruntzaldea IKTko Borja Apeztegiak modalitate honetan egin zuen debuta. Egia (32.27) eta Arroyo (38.43) izan ziren lehen lasarteoriatarrak helmugan; gertu izan ziren Buruntzaldea IKTko Kimetz de La Cruz eta Mario Amantegi (33.17).

Igerilekuko lehiaren zain

Irailean berriro igerilekuko babesera itzuli dira Buruntzaldea IKTko igerilariak. Astelehenetik ostiralera, adin ezberdinetako kirolariak lanean dira Maialen Chourraut kiroldegiko igerilekuan. 

Taldearekin bat egiteko aukera ere badute oraindik haur, gazte, heldu edo master mailako herritarrek. Izen ematea edo entrenamendu saioen informazio gehiago igeriketa taldearen webgunean eskuratu daiteke.