Entseatzen hasi dira eta bazkaria antolatu dute urri erdialderako

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 23a, 09:00

Erketzeko talde bat, joan den ikasturte amaierako emanaldian dantzatzen.

Erketz Euskal Dantza Taldeko kideak hasi dira Garaikoetxea-Landaberri ikastetxean elkartzen astearteetan, entseatzeko. Horri lotuta, jakinarazi dute hilaren 30eko saiora joan daitezkeela taldean hasi nahi duten pertsonak, izena ematera, 20:00etatik 21:30era. Hasiberrien prestaketa saioak urriaren 7an hasiko dira. Horrez gain, urriaren 18an bazkaltzeko elkartuko dira Araeta jatetxean; izena emateko azken eguna urriaren 10a izango da. Gaur egungo kideak ez ezik, urte hauetan guztietan taldearekin lotura izan dutenak gonbidatuta daude joatera. "Ahalik eta jende gehiena animatzea nahi dugu!", adierazi dute.

Otordu horretara joan nahi dutenek ES21 3035 0036 15 0361076805 (Laboral Kutxa) kontura transferentzia egin beharko dute. Ondoren, izen-abizenak eta bigarren plater gisa jango dutena bidali beharko dute 688 68 02 33 zenbakira (WhatsApp).