Geltoki kalean barrena iritsiko dira auto klasikoak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 17a, 12:03

San Sebastian Circuit Spirit ekimenak zortzigarren rallya aurrera eramango du asteburu honetan, hilak 20.Urtero lez, aurten ere Lasarte-Oria ibilbidearen parte izango dela jakinarazi dute antolatzaileek. Fundación Michelin izango da aurtengo babeslea

Urteak daramatzate lasarteoriatarrek egitasmo horren lekuko izaten; aurten, zortzigarrenez, auto historiko eta kirol ibilgailuen topagunea izango da Lasarte-Oria. Ezin zen bestela, izan ere, 1923 eta 1935 urte bitartean herrian ospatutako lasterketak oroitzeko sortua izan baitzen aipatu ekimena. Asteburu honetan aurrera eramango dutela jakinarazi zuten antolatzaileek, hilaren 20an.

10:30ean abiatuko da auto klasikoen ilara luzea Donostiatik, eta handik, zuzenean, Lasarte-Oriara etorriko dira. Geltoki kalean barrena, Michelin lantegi paretik igaroko dira (10;45ak aldera), eta Hipodromo etorbiderantz hartuko dute gero. Kale Nagusia zeharkatu, eta Zirkuitu ibilbidea alderik alde igarota hartuko dute gero Tolosaldearako noranzkoa. 

Handik Nafarroarako bidea hartuko dute, eta Leitzan egingo dute bazkaria. Ostean, berriz ere itzulerako bidea hartu, eta Lasarte-Oriatik igaroko dira berriro. Donostiako Hipodromoan 45 bat minutuko geldialdia egingo dutela ere iragarri dute, eta, beraz, azpimarratu, inork autoak ikusi nahiko balitu, aipatu leku horretara joan daitekeela. 

Askotariko marka klasikoetako autoak aurrez aurre ikusteko aukera izango dute herritarrek, hala nola, Bugati, Aston Martin eta Porsche-ak. 

Horren guztiaren berri eman dute egitasmoaren antolatzaile Agustin Garciak eta Kirol saileko zinegotzi Goizalde Pildainek. Lasarteoriatarrak rallya ikustera deitu dituzte.

Fundación Michelin babeslea

Agerraldia baliatu dute antolatzaileek jakinarazteko aurtengo rallyaren babeslea Fundación Michelin dela. Gauzak horrela, babesletza hori eskertu eta zenbaterainoko garrantzitsua den abertitu dute.