Junior Errendimendu taldea izan zen lehena kantxara ateratzen hilaren 13an; Xabier Altuna herritarrak zuzendutako SaskiAxular Izaburu taldea izan zuen aurkari.
Hasieratik erasoan zein defentsan sendo agertu zen Donostiako taldea; 0-8 aurreratu zen lehen minutuetan. Aurkariak geratzeko ahaleginak egin zituzten Gonzalo Alvitek zuzendutako jokalariek baina SaskiAxularrek hutsuneak bilatu eta 12-25 amaitu zen lehen laurdena.
Bigarren laurdena ere borrokatua izan zen. Donostiako taldeak ez zituen pertsonalen marratik izan zituen aukerak ongi baliatu eta etxekoek 13-11 partziala egitea lortu zuten.
Atsedenaldiaren ostean, aldiz, Saski Axularrek hartu zuten berriro jokoaren kontrola; ez zuen hutsik egin biko edo pertsonaleko jaurtiketetan eta etxekoen erasoak ongi moztu zituen. Ondorioz, urdin-beltzek puntu gutxi batzuk egin ahal izan zituzten eta 40-87 amaitu zen neurketa.
Azken laurdena
Kadete Errendimendu Urrea mailako taldeari, aldiz, eskuetatik egin zion ihes garaipenak hilaren 14an. Ederki borrokatu zuten Jonatan Reinok zuzendutako jokalariek Yoga Shala Askatuak taldearen aurka, baina donostiarrek 43-45 irabazi zuten neurketa azken laurdenean.
Estu joan ziren bi taldeak markagailuan; tanto bat edo biko aldea izan zuen herriko ordezkariak (9-8, 16-15 eta 28-26).
Azken hamar minutuetan, ordea, indartsu atera ziren donostiarrak eta markagailuari itzulia eman zioten, bi puntu aurretik jarrita. Askatuak-ek errenta mantentzeko lan egin zuen eta nahiz eta urdin-beltzak neurketa berreskuratzen saiatu, ezin izan zuten.