Errausketaren aurkako giza katea egin dute Donostian

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 16a, 15:00

Kontxako hondartzan egindako giza katea. Argazkia: Errausketaren Aurkako Mugimendua.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) joan den igandean aurrera eramandako ekintzan parte hartu zuten dozenaka pertsonak, Lasarte-Orian Aire Garbia plataformako kideak eta beste herritar batzuk tartean. Alderdi Eder parketik abiatu eta Kontxako hondartzaraino joan ziren 'Errausketarik ez' aldarria osatzeko hizkiak eta 'Ez elikatu erraustegia, birziklatu!' leloa erakusten zuen afixa eskuetan hartuta. Azpiegitura horren aurkako protesta uztartu zuten Palestinaren aldeko mezuekin.

Mobilizazio horren atarian EAMeko kideek zehaztapen batzuk egin zituzten Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok azken asteetan esandakoen gainean; Hondakinen Legeak aurtengorako ezarritako helburua (zaborraren % 55 gaika biltzea) betetzeaz gain, lurraldean "goia jotzeko puntuan" omen dago atal hori.

Horren aurrean, ez dute ulertzen nola har dezakeen erakunde horrek erreferentziatzat Gipuzkoako bilketa. "Gobernuan EAJ eta PSE-EE daude duela bederatzi urtetatik, Asensio barne, eta tarte horretan portzentajea % 7 igo da".

"Nola esan dezakezu; Asensio jauna, goia jotzeko puntuan gaudela?", adierazi dute. "Donostiak, Irunek, Eibarrek, Elgoibarrek, Hondarribiak…, guztiek gaikako bilketa %50 inguruan edo baxuago dutenek, Beasain, Bergara, Zumarraga, Hernani mailara helduko balira hamabost puntu baino gehiago egingo luke gora gaikako bilketak Gipuzkoan".