Ohorezko txandan, Orio Orialki, Tolosaldea AK eta Zumaia Deltecoren aurka neurtu zituen indarrak Lugañenek. Gainerako eskifaiak baino atzerago hasi zuen lehia. Irteera puntuan olatua baten eragindako ezusteko txikia ez zen oztopo izan, ordea etxekoentzat; amen batean probako buru jarri ziren donostiarrak eta metroz metro bere aurkariekiko segundoak irabazten joan zen; ziabogan, momentuan bigarren zen Orio Orialkiri zazpi, esate baterako.
Donostia Arraun Lagunak, Ohorezko txandan lehian. Arg.: Joseba Parron San Sebastian/Irutxuloko Hitza.
Bigarren itzulikoan aldea handituz bideratu zuen bandera Belartieta herritarra brankan zuen ontziak. Atzetik Orio Orialki eta Tolosaldeak lehia estua izan zuten bigarren postua lortzeko. Helmugara bakarrik iritsi zen Lugañene eta bi trainerura Tolosaldea.
Laugarren postua
Lehen txandan ere Bantxak antzeko jarduna izan zuen. Hasieratik aurre hartu eta ziabogan ia lau segundoko aldea atera zion SD Astillerori. Itzuleran lehen postuan mantendu zen Donostiako ontzia eta arazorik gabe garaipena lortu zuen.
Atzetik ika mikak izan ziren kantabriarrak, Hondarribia eta Hibaikaren artean; Astillerok hiru segundoko isuna jaso zuen Hibaika oztopatzeagatik.
Nortindal Donostiarra laugarren izan zen Kontxako bigarren jardunaldia baina lehen jardunaldiko seigarren postua gainditzeaz gain, jauzi ederra eman zuen Enara Arruti herritarra kide duen eskifaiak sailkapen orokorrean; Ohorezko txandako Zumaia Deltecok baino denbora hobea egin zuen eta Astilleroren isunak bi asteburuko kontaketan laugarren izatea ekarri zuen.
Honakoak dira bigarren jardunaldiko denborak eta sailkapen orokorra:
Hilaren 14ko saikapena1. Donostia Arraun Lagunak 11.01,72 2. Tolosaldea Arraun Kluba 11.09,24 3. Orio Orialki 11.16,38 4. Nortindal Donostiarra 11.19,35 5. Hibaika Jamones Alcin 11.31,69 6. Hondarribia Bertako Igogailuak 11.31,71 7. SD Astillero 11.31,91 8. Zumaia Delteco 11.33,24 |
Sailkapen orokorra1. Donostia Arraun Lagunak 21.20,92 2. Tolosaldea Arraun Kluba 21.48,44 3. Orio Orialki 21.56,42 4. Nortindal Donostiarra 22.13,67 5. Zumaia Delteco 22.18,34 6. SD Astillero 22.25,79 7. Hibaika Jamones Alcin 22.28,83 8. Hondarribia Bertako Igogailuak 22.30,59 |