Hil arte bizi eta elkar zainduko dutela erakutsi dute inurriek

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 15a, 12:34

II. Inurri Eguna aurrera eraman dute Usurbilen. Milaka lagunek bat egin dute Inurri elkarteak deitutako ekimenarekin, eta sekulakoa izan da giroa; hunkigarri bezain zaintzailea

Gorputzak esnatzeko saioarekin ekin zioten inurriek larunbat goizari. Arnasketa eta mugimendua tartekatu zituen Ama Yoga zentroko Olatz Berasategik; bera arduratu zen saioa gidatzeaz. Gustura, giro atseginean aurrera eraman zuten eguneko lehen ekimena 50 bat parte hartzailek, eta ostean, indarrak berreskuratu eta zetorrenari eusteko asmoz, gosaria egin zuten partaide guztiek elkarrekin; Ore Ama, Tolosa Jatetxea eta Txalaka fruta dendako jakiak eskaini zizkieten. 

Mahai ingurua zen egunari jarraipena emateko deitua zuten bigarren egitasmoa. Horri hasiera eman aurretik, ordea, jende andana batu zen Sutegi atariko denda solidarioan. Askotariko produktuen eskaintza egin zuten inurriek, tartean ospakizun egunean lehen aldiz eskaini zituzten izerditako ederrak. Arrakasta bikaina izan zuen salmentak, eta erositakoak soinean jantzi eta dotore luzitu zituzten erosle askok.

Sutegiko aretoan egin zuten mahaigurua izan zen hurrengo geldilekua. Beren-beregi zaintza izan zuten hizpide, eta, besteak beste, (ez) amatasuna, norberaren zaintza, zaintza sareak eta zaintzaren derrigortasuna bezalako gaiak mahaigaineratu zituzten, betiere ikuspegi feministatik. Lau hizlari aritu ziren mikrofono aurrean, Alaitz Zumalabe, Eider Casanova, Elordi Garcia eta Leire Markuerkiaga, eta Maider Galardi ikertzaile eta kazetariak dinamizatu zituen horien guztien hitzartzeak. 

Bien bitartean, sortzaileen txoko bilakatu zuten Potxoenea kulturgunea. Basoko Maxuxta-k bitxigintza tailerra eskaini zuen, eta Nagore Hornasekin, berriz, buztingintzaz ikasi dute. 

Otordua, bertsoak eta musika emanaldiak

Usurbilgo pilotalekua jantoki erraldoi bilakatu zuten gero; bertan batu ziren 400 lagun baino gehiago eguna ospatzen jarraitzeko gogoz. Horrela, usurbildar talde batek kozinatu eta zerbitzatutako menu goxoa dastatu zuten: entsaladilla errusiarra, paella eta postrea. Kafea eta kopa hartzeko aukera izan zuten hala nahi izan zutenek, eta tripak beteta, bertso saio musikatuaz gozatu zuten gero. 

Amaia Agirre arduratu zen gaiak jartzeaz, eta berak eskatutako lanak kantura, berriz, Ane Labakak, Onintza Enbeitak eta Alaia Martinek ekarri zituzten. Bertso eta bertso artean, aldiz,  inurriek ere hartu zuten hitza, eta askotariko bizipenak eta aldarrikapenak egiteko baliatu zuten aukera; argi utzi zuten, adibidez, hil arte bizi asmo dutela. 

Hori amaituta, Dema plazara lekualdatu zen ekimenarekin bat egin zuen jendetza. Salbatore elizari begira jarri ziren denak, oholtza gainean kantariak noiz agertuko. Bertan aritu ziren Olatz Salvador, Olaia Intziarte eta Idoia Asurmendi musikariak, eta bakarka zein hirukotean, emanaldi goxoa eskaini zieten bertan bildutakoei. Ostean, Mirua taldeak hartu zien lekukoa, eta DJ FifitaFefare eskutik luzatu zuten gaua parrandazaleenek.