1975eko irailaren 27an, Juan Paredes Manot Txiki eta Angel Otaegi Etxeberria ETAko kideak fusilatu zituen erregimen frankistak, 21 eta 33 urte zituztelarik. Euskal Herriaren askatasunaren alde borroka egin izanagatik erail zituzten. Txiki eta Otaegi 70eko hamarkadan hasi ziren militatzen. 75ean eta 74an atxilotu zituzten, hurrenez hurren, eta Cerdanyola del Valles-era eta Burgosera lekualdatu, bertan militarrek euren aurka tiro egiteko eta haiekin akabatzeko. Garai hartako independentziarako borrokak gaur egun bizirik eta indartsu jarraitzen duelarik, belaunaldi hartatik hasitakotik bultzaka jarraitzen dute Ernai taldeko gazteek, buru-belarri. Oraingo belaunaldiari dagokiola Euskal Herria askatasunera eramatea aldarrikatuta, iragana ez ahaztearen garrantzia ere hauspotzen dute. Nondik gatozen jakitea eta gure herriaren historia ezagutzea. Fusilatutako bi gazte independentista horiek gogoratzeaz gain, Euskal Herritarron askatasunaren ahotsa lau haizetara zabaltzeko, Ekin eta bultza askatasunera lemapeko manifestazio nazionala aurrera eramango dute igande honetan, hilak 14, Donostiako Boulevard-etik abiatuta, 13:30ean. Manifestazioaren gainean galdetu dio TXINTXARRI-k Ernai Lasarte-Oria eragileko kide diren Naia Perez Agirre eta Xabat Bergara Amantegiri.
‘Ekin eta bultza askatasunera’ lelopean manifestazio nazionala egingo du Ernaik, irailaren 14an, Donostian. Zergatik antolatu duzue agerraldi hori?
Naia Perez Agirre: Aurtengo dinamiken barruan, atzera begiratzeko ariketa egin dugu Ernain. Hori egiten ari ginelarik, ikusi dugu gaur egungo egoerari erantzuteko beharrezkoa den jarduera bat izan dela. Izan ere, duela 50 urte Juan Paredes Txiki eta Angel Otaegi fusilatuta erail zituen erregimen frankistak. Atzera begiratze horretan, ohartu gara ezinbestekoa dela orduko egoerarekin batera, gazte independentistak egindako borroka orainaldira bertaratzea eta aldi berean, horri garrantzia ematea. Asmo horren ildotik hasi gara aurtengo dinamikarekin.
Manifestazioa Kontxako Banderaren bigarren iganderako deitu duzue. Data hori aukeratzearen atzean arrazoi berezirik izan duzue?
Xabat Bergara Amantegi: Aurreko urtean, egun berean egin genuen Bat eginez independentziara! lemapean mobilizazioa, eta jende asko hurbildu zen. Oker ez banago, asistentziaren aldetik, orain arteko Ernairen mobilizazio nazionalik potenteena izan zen hura. Hortaz, harrera oso ona izan zuela ikusita, aurten, data berean antolatu dugu manifestazioa jende kopuru bertsua edo gehiago etortzea espero dugulako.
Zergatik aukeratu duzue mobilizaziorako lelo hori?
X.B.A.: Gure ilusioaren islada delako, amesten dugun Euskal Herria baten erantzuna, hain zuzen ere.
N.P.A.: Gazte independentistok lehen lerroan jartzeko, hor egon behar dugulako. Azken urteotan independentistak borrokaren erdigunean egon dira, baina orain guri ere tokatzen zaigu, gazteoi. Gure txanda da indarrarekin hori erakusteko.
Irailaren 14ko manifestazioan, zer aldarrikatuko duzue?
X.B.A.: Guk aldarrikatzen duguna duela 50 urteko gazteek aldarrikatzen zuten mezu bera da. Azken finean, garai hartan, trantsizio garaian, Euskal Herriari nazio aitortza ukatu zitzaion, baita erabakitzeko eskubidea ere, eta gaur egun, egoera berean jarraitzen dugu. Gure iritziz, gazteon ustez, independentzia da Euskal Herria zapaltzaileengandik askatuko duena.
N.P.A.: Hori da, eta inongo zapalkuntzarik gabeko herria sortu nahi dugun bide hortan, helburu dugula independentzia.
"Gazteok lehen lerroan jarri behar dugu (...), orain guri tokatzen zaigu"
Zergatik da garrantzitsua Txiki eta Otaegiren erailketak gogoratzea?
X.B.A.: Borroka bera egiten jarraitzen dugu, hots, independentzia aldarrikatzen. Otaegi eta Txiki bi gazte independentista izateagatik izan ziren fusilatuak. Beraz, ezinbestekoa da memoria egitea eta ez ahaztea herri honetan zer gertatu den.
Belaunaldi horren eskutik zer ikasi duzue?
X.B.A.: Garai hartako borroka oso latza izan zen. Egun, gazteak lasaiago gabiltza. Uste dut borrokarekin jarraitu behar dugula, beste modu batera, baina eutsi behar diogula helburuari eta independentzia aldarrikatzen jarraitu, kaleetan, etxeetan eta bazter guztietan.
Hori gogoan dugularik, azkenaldiko Ernairen dinamika ikusi dugu, eta konturatu gara beste gai batzuetara bota dugula. Horrenbestez, independentzia berriz ere erdigunean eta lehen lerroan jartzea garrantzitsua iruditu zaigu.
Zer esango zeniekete TXINTXARRI-ko irakurleei mobilizazioaren deiarekin bat egin, eta Boulevardera gerturatzeko?
X.B.A.: Euskal Herriak herri zapaldua izaten jarraitzen duela argi dago. Gure herriak bere nortasuna, hizkuntza eta kultura ditu, eta erabakitzeko eskubidearen eta askatasunaren bidea beraien aldarria egiteko aukera izan daitezke. Norabide horretan, herritar denei egingo diegu ongietorria, igande honetan, Donostian. Horregatik, lasarteoriatar gazteak gonbidatzen ditugu Boulevardean aterako dugun argazkira gerturatzea. Manifestazioa 13:30etan hasiko da eta ordu laurden lehenago aterako dugu argazkia, 13:15ean.
N.P.A.: Nik uste dut askatasunerako bide horretan, faxismoak sekulako indarra duela azkenaldian, eta horren aurka egiteko lekua ere, igande honetan. Ez dugu ahaztu behar Txiki eta Otaegi faxismoaren aurka ere aritu zirela eta orain, guri tokatzen zaigula beraien ahotsa lau haizetara zabaltzea.
Igande honeko mobilizazioaren ostean, zer dator?
N.P.A.: Hilaren 27an beteko dira 50 urte Txiki eta Otaegi fusilatu zituztenetik. Egun horretan bertan, manifestazio nazionala antolatu du Sortuk Iruñean. Hurrengo zita garrantzitsua hura izango da, eta Ernai bertan izango da. Gurekin batera hilaren bukaeran Nafarroara bertaratzeko gonbitea zabaltzen diogu lasarteoriatar orori.
"Gure ustez, independentzia da Euskal Herria zapaltzaileengandik askatuko duena"