Zirrara handiko azken saria, Hipodromoan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 13:15

'If not Know' eta Janaçek, Donostia Hiria Sari Nagusia - Irizar saria irabazten. Arg.: Dabid Argindar.

2026ko Udaberriko denboraldirako atzerako kontaketa hasi dute zaldien zaletuek; hilaren 5ean eta 7an, udako denboraldiko azken saioak jokatu eta zuzeneko lasterketak amaitu dira Donostiako Hipodromoan. Hori bai, Donostia Hiria Sari Nagusia - Irizar Sariak amaiera zirraragarria eman zion aurtengo udari

Lasterketa bizia eta estua izan zen. Urrezko Kopa irabazi zuen Philippo/N. M. Lopes bikoak ezarri zuen erritmoa eta buruan mantendu zen bigarren itzuliko azken zuzengunera arte. Orduan Shelby/A. Gutierrez Val eta Philau/R. N. Valle bikoek hartu zuen erreleboa baina azken 100 metroetan atzetik zetozen Chergui/G. Trolley de Prevaux eta If not Now/J. Janaçek sartu ziren ere lehian eta azken hori izan zen helmugara lehena iristen.

Eguna Falastini/J. Gelaberten garaipenarekin hasi zen. Hasieratik buru jarri zen bikoa; aurkariek azken zuzengunean garailea estutu arren, ongi mantendu zuen postua.

Amateurren kopan Stellaris/I. Arizkorreta bikoak eraman zuen lasterketaren pisua, baina atzean mantendu ziren Lorea eta A. Lezamak zuzengunean erritmoa aldatu, Stellaris harrapatu eta saioa irabazi zuten. 

Ostean, Gelabertek eguneko bigarren saria eskuratu zuen Bailen gidatuta; kutxetatik helmugara nagusi izan zen.

Pradesa Ingenieritza sarian, Sweet Wish/A. Lucasek Bugatiko bihurgunean probako burua hartu eta saria lortu zuten. Atzetik indartsu zetorren Portofino/M. E. Fernandez bikoa garaipenetik gertu izan zen.

Bina garaipen

Azken aurreko jardunaldian, proba azkarrak lehiatu ziren eta Music Story moxalak bizkorrena dela erakutsi zuen eguneko sari nagusian, La Zarzuela hipodromoa sarian.

Lasterketa gehienetan nagusitasunez iritsi ziren helmugara garaileak. Hala ere, laugarren eta bosgarren sarietan zuzengunearen hasieran lekua hartzeko lehiakideen arteko borrokak ikusi ahal izan ziren.

Horrez gain, Sousa zein Janaçek jockeyek bina garaipen eskuratu zituzten; baita Oscar Anaya eta Jesus Lopez prestatzaileek ere. 

Hauek izan ziren 14. jardunaldiko irabazleak:

  • Son Pardo hipodromoa saria Mini George/V. Janaçek
  • La Teste de Bucheko hipodromoa saria Woodwooded/V. Alonso
  • La Zarzuela hipodromoa saria Music Story/R. Sousa
  • Sanlucar de Barramedako Zaldi lasterketen Elkarte Erreala saria Araka la Kana/V. Janaçek
  • Gran Hipodromo de Andalucia saria 
    Half Moon Rising/R. Sousa

Pronostiko lehiaketako sarituak

Udako denboraldiko azken lasterketa amaitzearekin batera, Zaldi lasterketak Zaletuontzako II. Pronostiko Txapelketako sari banaketa izan zen, Hipodromoko irabazleen gunean. Sasoiko hamabi jardunaldietan zehar 82 parte-hartzaile lehiatu dira nor baino nor lehen postuetan egoteko. Lehia estua izan da eta aurtengo txapelduna Javier Vicente (Banyu Dewi) izan da. Bigarren eta hirugarren postuetan herritarrak izan dira; bigarren saria Iñaki Ituartek (Ibi) eraman du eta hirugarrena, aldiz, Aitor Sanzek (Gusanito). Laugarren postua Carlos Jimenezek (Favallu) eskuratu du. 

Aurrengo lehiaketako sarituak. Arg.: Pronostikoen txapelketa

Ez ziren horiek banatu ziren garaikur bakarrak izan. Lehenik azken jardunaldiko irabazlea igo zen taulara; Txema Encinas (Zaster of All) lasarteoriatarra. Eta Jose Martinez herritarrak ere sari berezia jaso zuen antolatzaileen eskutik.