XX. Mugikortasun Astea aurkeztu du udalak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 12:45

Ikasturte hasiera guztietan bezala, aurten ere Europako Mugikortasun Astearekin bat egingo du Lasarte-Oriak; hilaren 22an eta 26an aurrera eramango dituzte ekimenak

XX. Mugikortasun Astea iragarri eta aurkeztu du, gaur goizean, Lasarte-Oriako Udalak. Mugikortasuna guztiontzat da aurtengo egitasmoa aurrera eramateko aukeratu duten leloa, eta datak, berriz, honakoak: hilaren 22tik 26ra. 

Agustin Valdivia alkateak hartu du hitza agerraldiari hasiera emateko, eta arestian emandako datu horiekin batera, bizikletaz eta oinez mugitzearen garrantziari azpimarratu du; alde batetik bestera mugitzeko bi manera horiek sustatzeko nahia agertu du. Hiribusaz ere mintzatu da; erabat elektrikoa den Manttangorria erabiltzeko aukera dutela ere gogorarazi die herritarrei. 

Artelatz enpresako ordezkari Eli Gondatek hartu du hitza gero, eta egitasmoa aurrera eramateko prestatu duten egitarau aurkeztu du.  Hilaren 22an, adibidez, arestian aipatu hiribusa doakoa izango dela jakinarazi du. Ekintza zuzenak, ordea, lau egun geroago izango dira, hilaren 26an, ostiralarekin. Askotariko adinei zuzendutako ekimenak antolatu dituzte egun horretarako. Ttipi-ttapa, ondo ibili! egitasmoak emango dio hasiera egunari. Adineko pertsonei zuzendutako oinez ibiltzeko ohitura osasungarria sustatzeko jarduera da. Ostiralero egin ohi dute hitzordua, eta  egun horretan ere, Okendo plazatik abiatuko dira, 11:00etan. 

Arratsalderako, berriz, zenbait eskaintza egin dituzte antolatzaileek. 17:00etatik 19:30era tailerrak aurrera eramango dituzte Okendo plazan. Bizikletaren txirrina atonduko dute parte hartzaile gazteek, eta lan horiek amaituta, objektu hori etxera eramango dute. Horrez gain, eta herriko liburutegiarekin elkarlanean, irakurketa txokoaz gozatzeko aukera ere izango dute bertaratzen diren gazteek. Horrez guztiaz gain, Okendo plazan bertan eta Kale Nagusian jolasean aritzeko okasioa izango dute. Gauzak horrela, antolatzaileek ohartarazi dute ordu tarte horretan Kale Nagusia (1 eta 30 zenbakien artean) itxita egongo dela ibilgailuentzat.

Ekimen horiek guztiak martxan jarrita, ipar martxa saioari ekingo diote helduek. Ostadar SKT taldearekin elkarlanean antolatu duten jarduera izango da, eta Okendo plazatik abiatuko dira partaideak 18:00etan. 

Bigarren eskuko txirringen azoka

Urtetik urtera gero eta arrakastatsuagoa bilakatzen ari den bigarren eskuko bizikleten azoka izango da aurten ere; 15. aldia izango du artengoak. Okendo plazan izango da hori ere, 16:30etik 20:00etara, eta horretan beren bizikletak saldu nahi dituztenentzat zenbait argibide eman dituzte arduradunek. 

Ibilgailua saldu ahal izateko, aurrez izen emate orria betetzea ezinbestekoa da; honako helbidean egin dezakete inskripzioa interesdunek: www. merkabi.eus/lasarte-oria . Edozein zalantza argitzeko telefono zenbaki bat ere ezagutarazi dute: 943-67 02 49.

Gordailu zerbitzua 15:00etatik 16:30era egingo dute, beraz, inskribatutako bizikleta edo patinetea ordutegi horretan eraman beharko  dute jabeek. Horrez gain, antolatzaileek jakinarazi dute ez direla onartuko 600 euro baino gehiagoan saldu nahi diren bizikletak. 

Azkenik, abertitu dute aipatu azoka horretan parte hartzeko adin nagusikoa izan behar dela; NAren datuak eta telefono zenbakia eskatuko zaizkie bizikleta edo patinetea saldu nahi dutenei, eta paper batzuk sinatzeko ere bai. 

Bizikletan konpontzeko aukera

Hilaren 19an, berriz, bizikletak errebisatu eta konpontzeko aukera izango dute lasarteoriatarrek. Horretarako BM supermerkatu inguruan egongo den kamioi handira gerturatu beharko dute 16:00etatik 20:00etara.