Ostadar Saskibaloi saileko taldeak lehiarako prest dira

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 11a, 10:30

Kadete Errendimendu mailako taldeak iaz Euskal Liga lehiatu zuen.

Ostadar Saskibaloi ataleko kideak denboraldi berria prestatzeko lan eta lan izan dira azken asteetan. Federatutako taldeak mailaka hasiko dute denboraldia; lehenak Junior Errendimendu zein Kadete Errendimendu Urrea mailako jokalariak izango dira

Talde urdin-beltzak aurten hamar talde federatu izango ditu lehian: bi senior, junior bat, lau kadete eta hiru infantil. Horrez gain, saski eskolako kideek ere egingo diete hainbat neurketei. 

Ostadar Saskibaloia ataleko taldeak eta eskolako kideak. Arg.: Ostadar Saskibaloia.

Euskal Ligara igoera

Aipatu moduan, Junior Errendimendu zein Kadete Errendimendu Urrea mailako taldeak izango dira lehenak lehian murgiltzen eta Maialen Chourraut kiroldegian jokatuko dute lehen jardunaldia. Hilaren 13an, 18:00etan, Saski Axular Izaburu izango dute aurrez aurre juniorrek eta 14an, 09:30ean, Yoga Shala Askatuak izango da kadeteen aurkaria. 

Era horretara, bi taldeak denboraldiko lehen fasean murgilduko dira eta erronka latza izango dute aurrean; Euskal Ligarako igoera. Kadete taldeak 2024-2025 denboraldian lortu zuen balentria eta aurten ere lehiaketa horretarako igoera borrokatzeko aukerak dituztela aipatu dute talde urdin-beltzeko arduradunek.

Ostadarrez gain beste zazpi talde izango dira lehian eta abendura arte, bi itzuliko liga jokatuko dute. Sailkapeneko lehenak Euskal Ligarako igoera zuzena lortuko du. Bigarren sailkatutik bosgarrenera, aldiz, igoera fasea jokatuko dute.

Juniorren kasuan, sei taldeko bi multzotan banatu dituzte klubak; Ostadar SKT lehenean da. Bi itzuliko liga jokatuko dute azaro amaiera arte eta multzo bakoitzeko lehen zein bigarren sailkatuek igoera faserako txartela eskuratuko dute. Lau talde horiek bi itzuliko liga jokatuko dute eta lehen bi sailkatuak Euskal Ligara igoko dira; kanporaketa ere lehiatuko dute txapelketa horretako A-1erako sailkapen fasean zein talde egongo den erabakitzeko.

Denboraldiko sasoi hori igaro eta Euskal Ligarako jauzia egin ezean, Ostadarreko taldeek Gipuzkoako txapelketako fase erregularrari egingo diote aurre.

Lagunartekoak eta eskola

Eta gainerako federatu taldeak ere denboraldiaurreko azken asteetan sartu dira.

Entrenamenduez gain, lagunartekoak jokatu dituzte eta denetariko emaitzak izan diren arren, lehiaketa sasoiari begira, taldeek hobetu edo indartu behar dituzten alorrak atzeman eta horiek latzen ari dira.

Hilaren 6an, esate baterako, Senior III. mailako taldeak Monsen aurka jokatu zuten Maialen Chourraut kiroldegian eta hilaren 14an, Infantil Errendimendu Urrea taldeak Luberriren aurka neurtuko ditu indarrak, Benta Berriko kiroldegian, Donostian.

Eta Ostadarren saskibaloi eskola hilaren 16an martxan jarriko dela ere gogoratu dute taldeko arduradunek.