Erraustegiaren aurkako giza katearekin bat egin du Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 10a, 09:56

Erraustegiaren aurka Lasarte-Oriatik abiatutako protesta ekintzetako bat.

Errausketaren Aurkako Mugimenduak (EAM) giza katea aurrera eramango du aurten ere, igande honetan, 11:00etan, Alderdi Eder parketik abiatuta eta Kontxako hondartzan zehar. Ekintza horren bidez eskatuko dute ixteko "garestia eta kutsatzailea" den azpiegitura bat, Zubietako erraustegia. Horrekin batera, galdegingo dute Gipuzkoako hondakinen gaikako bilketa hobetu dezatela udalerri guztietan. Orain arte bezala, Lasarte-Orian Aire Garbia plataformak bat egin du ekimenarekin eta herritar guztiak gonbidatu ditu horretan parte hartzera.

Mobilizazio hori iragartzearekin batera, EAMeko kideek zehaztapen batzuk egin dituzte Gipuzkoako Foru Aldundiko Jasangarritasun diputatu Jose Ignacio Asensiok esandakoen gainean; Hondakinen Legeak aurtengorako ezarritako helburua (zaborraren % 55 gaika biltzea) betetzeaz gain, lurraldean "goia jotzeko puntuan" omen dago atal hori.

Horren aurrean, ez dute ulertzen nola har dezakeen erakunde horrek erreferentziatzat Gipuzkoako bilketa. "Gobernuan EAJ eta PSE-EE daude duela bederatzi urtetatik, Asensio barne, eta tarte horretan portzentajea % 7 igo da".

"Nola esan dezakezu; Asensio jauna, goia jotzeko puntuan gaudela?", adierazi dute. "Donostiak, Irunek, Eibarrek, Elgoibarrek, Hondarribiak…, guztiek gaikako bilketa %50 inguruan edo baxuago dutenek, Beasain, Bergara, Zumarraga, Hernani mailara helduko balira hamabost puntu baino gehiago egingo luke gora gaikako bilketak Gipuzkoan".