Osasun arazoek Maialen Chourrauten jarduna baldintzatu zuten Munduko kopako azken saioan

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 10a, 15:40

Maialen Chourraut, Munduko kopako laugarren jardunaldian lehian. Arg.: RFEpiraguismo

Eslalomeko zein Kayak kroseko Munduko Kopa Augsburgen (Alemania) amaitu da; hilaren 5etik 7ra jokatu den bosgarren saioak aurtengo txapeldunak erabaki ditu. Maialen Chourraut herritarrak K1 zein kayak krosean parte hartu zuen. Lasarte-Oriako palistak ez zuen astebururik emankorrena izan, ordea; gastroenteritisa izan zuen astean zehar eta nahiz eta bere onena ematen saiatu, gaixotasunak bere jardunean eragin zuen

K1 saioa izan zuen hilaren 5ean: sailkapen proban hemeretzigarren marka egin zuen olinpiar dominadunak (118,57) eta finalerdietarako sailkatu arren, aipatu gaixotasunak sortutako ahuleziarengatik ezin izan zuen lehiatu. 

Kayak krosean, hilaren 7an, bakarkako erlojupekoa 28. postuan amaitu zuen, 78,03 markarekin eta lauko lehen kanporaketan kanpoan geratu zen herritarra. 

Chourrautek Augsburgeko jardunalditik etekin gutxi atera arren, txapelketako bost proben baturak kayak kroseko sailkapen orokorrean zortzigarren postuan kokatu du Lasarte-Oriako palista.

Munduko kopa lehiatu ostean, Australian urria hasieran jokatuko den Munduko txapelketari egoera onenean aurre egiteko egingo du herritarrak.