Festaren egun handia irailaren 20a izango da, baina 18rako eta 19rako ere iragarri dituzte ekimenak. Horien guztien berri eman dute, gaur goizean, Ama Brigitarren Komentuko mojek, Felix Garitano kapilauak. Eurekin batera izan dira, Agustun Valdivia alkatea eta Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicechea.
Agerraldiari hasiera emateko, mojek hartu dute hitza, eta esan, "gogobetetze eta poz handia" eman diela urteurrena ospatzeko egitaraua prestatzeak. Azpimarratu dute, ordea, hori ezinezkoa zatekeela herriko entitate eta pertsonen laguntzarik gabe. Gauzak horrela, horiekin guztiekin eskertuta agertu dira.
Garitanok hitz egin du gero, eta azaldu, komentuaren 350. urteurrena ospatzeko moduko gertakaria dela. Hala, atzera begira jarri eta herria zenbat aldatu den ere aipatu du: "Azken 60-70 urtetan Lasarte-Oria izugarri aldatu da, eta aldaketa horretan komentuak zerikusi handia izan du". Gogorarazi du, adibidez, komentuaren elizan eratu zela, duela 39 urte, lehen udaletxea.
Ospakizunak, herritarrekin
Herriak Brigitarren komentua balioan jartzen dutela iruditzen zaiola gaineratu du kapilauak, eta hori hala izanik, ospakizuna herritarrekin egiteko nahia agertu du, eta horretarako antolatu dituzten egitasmoen berri eman du jarraian, eta, beste desio bat ere adierazi du; urteurrenak "altxor historiko hori" are gehiago kontuan hartzeko balio izatea.
Hilaren 18an, ostegunarekin, mahai ingurua aurrera eramango dute. Komentuan bertan izango da, 19:00etan eta hiru hizlari ariko dira jendaurrean: Deustuko Unibertsitateko Historia katedradun Jose Anchon; kristau humanista den Santon Sarasola; eta, Felix Garitano kapilaua bera.
Hurrengo egunean, berriz, hilaren 19an, musika emanaldia izango da. Danok Kide elkartearekin elkarlanean antolatu duten ekimena izango da hori, eta Oiaso Boskotea ariko da zuzenean. Harizko instrumentuak jotzen dituzten musikariek euskal musika emanaldia eskainiko diete bertaratzen direnei. 19:00etan hasiko da hori ere.
Hirugarren eta azken ospakizun eguna hilaren 20a izango da; egun handia. Goizean, 10:00etan, Hamaika Doinu herriko txistularien dianak esnatuko ditu herritarrak, eta meza iango da gero, komentuan. 11:00etan izango da hori, eta Fernando Prado Ayuso gotzainak gidatuko du hitzordu erlijioso hori. Hitzordu horretan, ordea, herriko zenbait eragilek ere parte hartuko dute; Alboka abesbatzak, Erketz EDTk eta Zero Sette akordeoi taldeak, esaterako. Donostiako Santa Maria Basilikako organista Ana Belen Garciak ere izango du hitzordu horri doinua jartzeko ardura.
Ekimen horiek aurkeztuta, udal ordzkariek hitz egin dute. Kultura saileko zinegotzi Ainara Elicecheak hartu du hitza lehenik. Brigitarren komentuko mojei eta Garitano kapilauari ospakizuna aurrera eramateko prestatu duten egitaraua antolatzeko egin duten lana eskertu die. Horrez gain, jakinarazi du komentuak baduela "liburu garrantzitsu asko" biltzen dituen liburutegi bat, baita artxibo historiko bat ere, eta bertan zer dagoen aztertzeko elkarlanean ari direla.
Agustin Valdivia alkateak, berriz, adierazi du Lasarte-Oriak "egunero" ospatzen duela Ama Brigitarren komentuko moja eta kideak "herriaren parte izatea"; uste du komentua erreferentea dela. Hala, azaldu du, herriko eragileek ospakizunean parte hartzea, urte luzez horiek guztiek komentuko kideen partetik jasotako "eskuzabaltasunaren" trukean datorrela. Hitzok bere egin ditu Danok Kide elkarteko Jesus Mari Egizabalek ere. Urte luzez aipatu elkarte horrek komentuan aurrera eramaten dituen musika topaketak izan ditu ahotan, eta esan, horiek espazio horretan egitea posible izan dela bertako mojek eskuzabalik utzi ditelako espazio hori.
Hitzartzea amaitzeko, herritarrak iragarritako ekimenetan parte hartzera gonbidatu ditu alkateak.