Hala ere, zapore gazi-gozoa du herritarrak, ezin izan baitzuen % 100ean lehiatu. "Pozik nago lortutako emaitzarekin, baina lehia gogorra izan zen guretzat. Lau saioetatik hirutan arazoak izan genituen," azaldu du Mansok.
Entrenamendu librean aurreko ibilgailua harrapatu zuen Lasarte-Oriako gidariak eta horri bandera urdina erakutsi ez ziotenez helmugaraino horren atzetik joan behar izan zuela nabarmendu du.
Bigarren lan saioan palierra hautsi eta piezak su hartu zuela jakitera eman du: "Su txikia izan zen eta zortez itzali ahal izan genuen".
Ondorioz, entrenamentuak ez ziren baliagarri izan lehiaketarako eta igoera kronometratuetara "ia entrenatu gabe" iritsi zen Manso.
Lehen igoeran, aldiz, kotxeak ongi erantzun zuen eta egindako denborari esker lasarteoriatarrak podiumeko bigarren mailara igotzea (03.25,607) lortu zuen.
Poztasunak gutxi iraungo zuen, ordea; bigarren lasterketan berriro arazo mekanikoak eman zituen kotxeak eta herritarrak ezin izan zuen proba nahi bezala amaitu.
Jaizkibel, hurrengo saioa
Bi aste ditu herritarrak ibilgailua puntuan jartzeko, hilaren 21ean Jaizkibelgo igoeran parte hartuko du. Mansok berak onartu moduan, "lan asko dago egiteko", baina gogotsu dago Jaizkibelgoa lasterketa garrantzitsua delako: "Kotxea puntuan jarri behar dugu eta ea zer moduz doan. Jaizkibelgoa etxeko lasterketa da eta lehiatzeko gogoekin nago".