Binakako Gipuzkoako Kluben arteko txapelketa izango da denboraldiko lehena eta aurten ere Intzak eskuz zein gomazko paleta modalitatean izango ditu ordezkariak.
Nagusien II. mailan zein kadeteko bi mailatan (II. eta III. Maila) aurkeztu ditu bikoak herriko pilota elkarteak.
Jon Pello Artetxe eta Beñat Olazabal herritarrez gain, Inhar Egaña azpeitiarra izango da nagusien mailan lehian.
Kadete mailan, aldiz, Oier Jauregi, Oier Elola, Kimetz Atorrasagasti, Markel Lopez, Ekaitz Lasa, Ekhi Maiz eta Eñaut Huzi arituko dira.
Gomazko paletan hirugarren mailan arituko dira bikote bakarrarekin; Iker Artetxe, Jagoba Mendizabal, Luken Carbayeda zein Eneko Sarasola izango dira Intzako lehiakideak. Horiek izango dira kantxara ateratzen lehenak. Hilaren 12an, Alegian Intxurre 1ean aurka neurtuko dituzte indarrak.
Eskuzko jardunaldiari dagokionez, kadete III. mailako kideek atseden izango dute; kadete II. mailakoek, aldiz, Villabonara egingo dute bidaia hilaren 13an eta Behar Zanaren aurka jokatuko dute. Nagusiek etxean emango diote hasiera lehiari; Tolosa izango dute aurkari.
Herritarrak beste taldeetan
Beste taldeetan ere izango dira herritarrik lehian. Haritza Diaz de Gereñu Nagusien II. mailan arituko da Alde Zaharrarekin eta Itsaso Iparragirre Ziotzarekin, emakumezkoen kadete mailan.
Pilota eskola martxan
Bestalde, pilota eskolako kideek gaur, hilaren 9a, hasiko dituzte entrenamendu saioak.
Astearte eta ostegunetan bilduko dira pilotari gazteak Michelingo pilotalekuan. Adinaren arabera honakoa izango da ordutegia: benjaminak, 17:30etik 18:30era; alebinak 18:30etik 19:30era eta infantilak 19:30etik 20:30era.
Eskolako arduradunek jakitera eman dutenez, izena ematea irekia dago eta pilotalekuan entrenamendu egunetan edo 650 45 93 54 telefono zenbakian izena eman ahalko da.