Andatzako inguruez gozatzeko VI. Mendi Festa, hilaren 28an

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 8a, 19:00

LOTMEko kideak aurtengo aldiko kamisetarekin eta udal ordezkariak, agerraldian.

Lasarte-Oria Trail Mendi elkarteak (LOTME) VI. Mendi Festa aurkeztu du gaur arratsaldean. Alkate Agustin Valdivia, Goizalde Pildain kirol zinegotzia eta Sozioekonomia saileko Nuria Fernandez izan dira agerraldian

Lehenik eta behin, antolatzaileek eskerrak eman dizkiete aurkezpenean Udalari zein Sozioekonomia sailari euren babesarengatik. "Mendi festa martxan jarri genuenean babesle ugari batu ziren, baina azken urteetan beherantz egin du kopurua eta udalaren laguntzari esker egin dezakegu aurrera," adierazi du LOTMEko kide Javi Olazagoitiak.

Prentsaurrekoan azaldu modura, Mendi Festa bi urtetan behin antolatzen du LOTMEK; iaz, Mendi lasterketa jokatu zen. Bi ekimen horiek txandakatzen dituzte eta hori dela eta, hurrengo Mendi Festa 2027. urtean izango litzatekeela aurreratu dute antolatzaileek. 

Mendi ibilaldi hilaren 28an egingo da eta bere helburuak kirol osasungarri ez lehiakorra bultzatzea, Lasarte-Oria inguruko natur ingurunea ezagutaraztea eta herriko merkataritza dinamizatzea dira.

Okendo plazatik irten eta Andatza mendiko inguruez gozatzeko bi ibilbide egiteko aukera dute parte hartzaileek; luzeak 30 km izango ditu eta 15 km, aldiz, motzak. Olazagoitiak azaldu modura: "Motzak edonork egiteko moduko ibilbidea da eta luzeari dagokiona, Buruntzaldean dagoen ibilbiderik politenetakoa dela esan daiteke".

Bakarka, bikoteka, familian edo taldean, bakoitzak nahi duen erritmora egin ahalko du ibilbidea, beti ere, antolakuntzak zehaztutako gehienezko marka gainditzen ez bada; 5 ordu ibilbide motzaren kasuan eta 8 ordu, luzearenean.

Izena ematea

Egun 150 inskripzio dituztela jakitera eman dute kirol elkarteko kideek, baita azken bi asteetan kopurua handituko denaren esperoan daudela ere. "Gure jarduera eguraldiaren menpe dago eta horren arabera, jendeak azken astera arte itxaron ohi du izena emateko", azaldu du Olazagoitiak.

Prezioari dagokionez, federatuek adinaren arabera 16 euro edo 12 euro (16 urte baino gutxiagokoek) ordaindu behar dituzte eta federatuak ez daudenek, aldiz, 18 euro edo 14 euro. Antolatzaileek gehitu dute 16 urte azpiko gazte eta haurrek gurasoen baimena behar dutela ibilaldi luzea egiteko.

Hilaren 25era arte izango da aukera LOTMEko webgunean edo Zirkuitua orrialdean inskripzioa egiteko. Elkarteko webgunean mendi festaren gaineko zehaztasun gehiago ere eskaintzen dituzte antolatzaileek.