"Ez dago euskara ikasten ez hasteko aitzakiarik"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 8a, 13:38

Udal Euskaltegian nahiz Muntteri AEKn ikasteari ekiteko deia egin dute udaleko Euskara zinegotzi Estitxu Alkortak eta zerbitzuburu Ana Labakak. Izena emateko epeak hilaren 19an eta 24an bukatuko dira, hurrenez hurren. Udalerrian erroldatuta daudenek eta aipatu bi zentro horietakoren batean matrikula egiten dutenek ordaindutakoaren % 85era arte berreskura dezakete. Egitasmo honetarako aurrekontua 72.160 eurokoa da.

Gaur hasi da ikasturtea ikasle asko eta askorentzat, eta, egun hori baliatuta, euskara ikastearen garrantziaz ohartarazteko agerraldia egin dute Alkortak eta Labakak. Azkenaldian egindako kale neurketen arabera, euskararen erabilera % 18koa da gure udalerrian eta ehuneko hori handitzeko aukera paregabea iruditzen zaie bi euskaltegietako batean matrikula egitea. Gauzak horrela, hizkuntza menperatzen ez dutenak izena ematera animatu dituzte. Udal Euskaltegian matrikulatzeko azken eguna hilaren 19a izango da, eta, Muntteri AEKn, hilaren 24a. Iaz 200 ikasle izan zituzten zentro batean zein bestean.

Mezu garbia zabaldu dute udal ordezkariek: "Ez dago euskara ikasten ez hasteko aitzakiarik". Horri lotuta, jakinarazi dute HABE erakundearen berrikuntzetako bat dela A1 eta A2 gaitasun mailak "ia doakoak" izatea: 300 euro beharrean, 70 ordainduko dituzte izena ematen duten ikasleek. Bestalde, 16 eta 18 urte arteko gazteentzat eta langabeentzat "eskaintza bereziak" daudela gogorarazi dute. 

Euskaltegi bakoitzean modalitate, ordutegi, maila eta abarren berri emango diete bertaratzen direnei. Ikastaroa bertan edo urrutitik egiteko aukera izango dute euren egunerokoarekin ahalik eta ongien uztartzeko, eta, gainera, Ttakun Kultur Elkartearen Solaskide programaren bidez, euskara ikasten ari direnek herriko euskaldunekin elkarrizketa saioak egiteko aukera izango dute, gustuko dituzten gaiak hizpide hartuta.