Arestian aipatutako landare horren lore ikusgarria erabili dute egitaraua iragartzeko afixarako eta dagoeneko deitu du herritarren arreta, Extremadurako Etxeko lehendakari Angel Barrerak aipatu duenez: "Kaleetan ibili gara kartelak itsasten eta batek baino gehiagok esan digu zeinen polita den. Bada, bertan agertzen den lorea jararena da, apiriletik maiatzera loratzen den landarearena. Ikusgarria da hori zuzenean ikustea".
Ikusteko (eta gozatzeko) modukoak izango dira hilaren 8tik 14ra aurrera eramango dituzten ekimenak. Extremaduraren egun handian hasiko da aste kulturala: elkartearen bandera igoko dute, danborrada joko dute, probintzia horretako jantzi tradizionalak erakutsiko dituzte eta luntxa egingo dute bazkide eta lagunekin batera.
Oinez eta bizikletaz
Hurrengo eguna haurrentzako gozogintza tailerrarekin hasiko dute, eta, ondoren, hitzaldi interesgarri bat emango dute herriko zazpi kirolarik: Gozatu Extremaduraz oinez eta bizikletan. Caceres iparraldean barrena txirringan ibilitako David Miguelez eta Mikel Galdona ariko dira aurrena; Tajo-Salor eskualdean ibilitako Juanjo Molano ere bai; eta, azkenik, 4 Lobos y 300 Buitres mendi lasterketa egin duten Jon Huizi, Sergio Ramirez, Ritxar Marcos, Xanti Trantxe eta Xabi Carcedo.
Asteazkenean, hilak 10, haurrek nahiz helduek izango dute dibertitzeko aukera, batez ere lehenengoek. Extremadurako jantzi ezagun batzuk egiten ikasteko tailerrak egingo dituzte, irabiatu-barkilloa askalduko dute eta ondoren holi festa egingo dute. Bitartean, tutean jokatu eta txapelketa irabazteko aukera izango dute izena ematen duten herritarrek. Ostegunean karta joko horretan ez, musean jarduteko parada izango dute Extremadurako Etxera joaten direnek, enbido eta hordagoka aritu bitartean. Geroago, pintxo-pote eguna izanik, hilabeteotan zehar Adarra kaleko egoitzan aurrera eraman duten pintxo lehiaketako finala egingo dute, Yon Mikel Rodriguez eta Mikel Rodriguez sukaldariak gonbidatuta. Antolatzaileek aurreratu dutenez, baliteke beste gonbidaturen bat etortzea, baina asistentzia baieztatzeke dute oraindik.
Asteburuan, errematea
Orain arte kontatutakoa gutxi balitz, asteburuan zehar askoz jarduera gehiago egingo dituzte, aste kulturalari erremate ezin hobea emate aldera.
Pintxo-potea, Saito gimnasioko kideen saioa, Dinbi Banda batukada taldearen emanaldia eta Extremadurako Etxeko bazkideen afariak osatuko dute ostiralerako programa.
Larunbatari urteroko mezarekin ekingo diote Ama Brigitarren komentuan, Tolosatik etorriko den Flor de la Jara taldearekin batera. Elizkizuna amaitzean Sasoeta auzora itzuliko dira, Oaintxe in deu! txarangaren kalejirari segika. Gauera arte luzatuko dute festa.
Azkenik, igandean ere izango dute zer egin Sasoetara bertaratzen direnek. Adibidez, 18 urtetik gorakoentzako bola txapelketan parte hartzea: "Emakumeek eta gizonek parte hartzea espero dugu".
Aste kulturaleko jarduera guztien tokiak eta orduak aldizkari honetako 15. orrian jaso ditugu, Agenda atalean.
Egitaraua
Astelehena 8
- 19:00etatik aurrera bandera igoera, danborrada, Extremadurako jantzi tradizionalen desfilea eta bazkideentzako nahiz lagunentzako luntxa egingo dituzte.
Asteartea 9
- 17:00etan, gozoki tailerra.
- 19:00etan, Gozatu Extremaduraz oinez eta bizikletan hitzaldia.
Asteazkena 10
- 17:00etan, haurrentzako tailerrak, irabiatu-barkilloa eta holi festa.
- 18:00etan, tute txapelketa.
Osteguna 11
- 17:00etan, mus txapelketa.
- 19:00etan, pintxo lehiaketako finala eta pintxo-potea.
Ostirala 12
- 18:30ean, pintxo-potea.
- 18:30ean, Saito gimnasioko kideen emanaldia.
- 19:30ean, Dinbi Banda batukada taldearen emanaldia.
- 21:30ean, Extremadurako Etxeko bazkideen afaria.
Larunbata 13
- 11:00etan, Tolosako Flor de la Jara taldeak girotutako meza.
- 12:00etan, Oaintxe in deu! txarangaren kalejira, komentutik hasi eta Sasoetaraino.
- 12:30ean, LOZET elkartearen buruhandiak Extremadurako Etxe inguruan ibiliko dira.
- 14:30ean, paella jan herrikoia.
- 16:00etan, futbolin txapelketa kooperatiboa, Jalgune elkarteko lagunekin batera.
- 16:30ean, karaokea.
- 17:30ean, herri kirolak.
- 18:30ean, Brotes de Encinas taldearen kontzertua.
- 20:00etan, DJ Ina-ren saioa.
- 23:00etan, zezensuzkoa.
- 23:30etik aurrera, 80. eta 90. hamarkadak gogoratzeko musika emanaldia, DJ interDJs-en eskutik.
Igandea 14
- 10:30ean, marrazki lehiaketa 2KN kafetegian.
- 11:30ean, haurrentzako jolasak eta tailerrak.
- 12:00etan, LOZET elkarteko buruhandi eta erraldoien kalejira.
- 12:30ean, Kukuka eskolako ikasleen emanaldia.
- 13:00etan, Semblante Andaluz-eko dantza taldeak: Duende, Azabache, Al Alba eta Azahar.
- 14:30ean, herri bazkaria.
- 17:00etan, bola lehiaketa (18 urtetik gorakoentzat).
- 19:00etan, bola lehiaketako sari banaketa.
- 20:00etan, jaien amaiera.