Ezusteko garaileak, Hipodromoko sari nagusietan

Txintxarri Aldizkaria 2025eko irailaren 3a

'Philippo' eta Nuno Manuel Lopes, Urrezko Kopako helmuga igarotzen. Arg.: Dabid Argindar.

Zaldi lasterketen denboraldia amaitzear da Donostiako Hipodromoan. Hilaren 5ean eta 7an udako sasoiko azken bi jardunaldiak biziko dituzte lehiakide zein zaletuek eta lasterketen artean Irizar-Donostia Sari Nagusia izango da azken egunean

Ekainean hasi eta egun gutxiren barru amaituko diren jardunaldietan lehia ederrez zein nagusitasunez irabazitako probaz gozatu ahal izan dute Hipodromora gerturatu diren ikusleek. Abuztuan zehar hainbat sari nagusiri egin diete aurre behor, moxal zein zaldiek betetako harmailen aurren eta horien artean izan da Urrezko kopa. 

Aurreikuspen guztiak hautsiz, Philippo eta Nuno Manuel Lopesek irabazi zuten abuztuaren 15eko sari nagusia. Sirjan-Gelabert eta Naranco-Janaçek bikoekin batera lasterketa azkarra eta ikusgarria eskaini zuten.

Urrezko kopa ez zen jardunaldi horretan ikusmira sortu zuen proba bakarra izan. UAE President Cup nazioarteko txapelketako saio bat ere izan zen eta ohikoa ez den moduan, arabiar odol garbiko zaldiak izan ziren lehian Donostiako pistan; Al Wakrah eta O. DAndigne izan ziren garaile.

Egun batzuk lehenago, Donostia Sustapena sarian, Making Timek behor onena zela erakutsi zuen Vlacav Janaçekek gidatuta. Lasterketako buru jarri zen bikoa eta aurkariei bidea ongi oztopatu zien garaipena eskuratu ahal izateko.

Ezustekoa izan zen ere Eusko Jaurlaritza turismo sarian eta La Espiga zalditegi donostiarreko See the dream behorrak faboritoak gainditu zituen Alejandro Gutierrez Valen gidaritzapean. 

Abuztuaren 24an, bi urtekoen artean, Arzua izan zen nagusi Nazioarteko Kriteriumean eta Vaclav Janaçekek izan zuen gidari; txekiarrak denboraldi ederra egin du eta hainbat sari garrantzitsu eskuratu ditu.

Hala ere ez da lehia amaitu eta zaldi, behiz zein jockeyek garaipenak metatzen jarraituko dute geratzen diren bi jardunaldietan. Hilaren 5ean, goizean, Espainiako Hipodromo ezberdinek babestutako probak jokatuko dira; hilaren 7an, igandearekin, aipatu Irizar-Donostia Sari Nagusiak emango dio amaiera lehiari.

Pronostikoen lehiaketa

Udako denboraldiari agur esatearekin bat Zaldi Lasterketak II. Zaletuontzako Pronostiko Lehiaketa ere amaituko da.

Txapelketako bigarren edizioan 82 parte hartzaile ari dira lehian eta oraindik ez da garailerik antolatzaileek jakitera eman dutenez: "Azken jardunaldiaren aurretik, ez da irabazle argirik eta hautagai asko dago. Sailkapen nagusiko puntuazioan berdinduta daudenez, igandeko jardunaldia ederra izango da".

Antolatzaileek, gainera, azken jardunaldian zuzeneko jarraipena egingo dute hipodromoan bertan eta jardunaldi amaieran txapelketako sari banaketa ekitaldia egingo dute irabazleen gunean.