Fran Puertas, Gaztediko Ohorezko B mailako entrenatzaile

Txintxarri Aldizkaria 2025ko ira. 3a, 13:00

Roberto Corres, Gaztediko lehendakaria eta Puertas, lehen entrenamenduan. Arg.: Gaztedi RT.

Errugbiko denboraldia hilaren amaieran hasiko da; fitxaketak zein entrenatzaile aldaketak eman dira azken asteetan. Gipuzkoa Sortzen proiektuko lehen taldeak Fran Puertas herritarrari uztailean agur esan eta Francois Meyranx 'Pantxoa' baionarra izango du entrenatzaile. Puertasek, aldiz, Gasteizeko Gaztedi RTrekin egin du bat eta Ohorezko B Mailako taldea zuzenduko du.

Zarautz Errugbi taldeak uztaila hasieran jakitera eman zuen, Fran Puertas herritarrak ez zuela Gipuzkoa Sortzen proiektuko lehen taldea zuzenduko hurrengo denboraldian.

Puertasek 2021ean Zarautz RTko bigarren taldearen lema hartu zuen eta 2024an Gipuzkoa Sortzeneko lehen taldearekin hasi zen lanean. Zarautzeko taldeak urte hauetan guztietan izan duen konpromiso eta erakutsi duen profesionaltasuna eskertu zion herritarrari.

Hurrengo erronketan ere zorte ona opa zion taldeak eta lehengo astean Puertasek Gasteizeko Gaztedi RTren Ohorezko B Mailako taldea zuzenduko duela jakitera eman zuten babazorroek.

Eskola martxan 

Bestalde, Beltzak RTko eskolako kideak hilaren 5ean hasiko dituzte entrenamenduak; 2014 eta 2017 urte arteko gaztetxoak bilduko dira, 18:00etan, Atsobakarreko kirol gunean.