Ikastaro zehatzen berri eman aurretik, jarduera horien helburua zein den gogoratu dute udal ordezkariek: kontzientzia indibiduala eta kolektiboa hartzea gure gizartean emakume askok jasaten dituzten egoera estruktural "ez beti argien" gainean, hala nola berdintasun falta, diskriminazioa eta erlazio sozialik eza. "Harresi ikusezina izanagatik, oso kaltegarria da eta guztion lana da hori eraistea". Norabide horretan, Emakumearen Zentroa erabiliko dute hori bultzatzeko.
Ikasturteko aurreneko lauhilekoko ikastaroetako saioak hilaren 29tik urtarrilaren 30era arte egingo dituzte. Gehienak doakoak dira, eta, ordainpekoak, "merkeak, edonork ordaintzeko modukoak". Parte hartu nahi dutenek hilaren 8tik 12ra aurrematrikulatu behar dute, zentrora bertara joanda (Aralar plaza, 5) edo sarean formularioa beteta. Tramite hori presentzialki egin nahi dutenek 09:30etik 13:00etara edo 15:00etatik 19:00etara izango dute horretarako aukera hilaren 8an eta 9an; 10etik 12ra, berriz, 09:30etik 17:00etara.
Ikastaroetan dauden tokiak baino eskaera gehiago baleude, udal ordezkariek zozketa egingo dute hilaren 16an, parte hartzaileak nortzuk izango diren zehazteko. Behin hori eginda eta aurretiazko izen ematea sarean egin badute, herritarrek hilaren 17tik 19ra ordaindu beharko dute matrikula, zentroan bertan, 09:30etik 17:00etara. "Datu babesa tarteko, sareko formularioan ezin diegu kontu korronte zenbakia eskatu eta berriak diren erabiltzaileek informazio hori ematera etorri beharko dute, ez horrela aurreko ikasturteetako parte hartzaileek, euren datuak gordeta ditugulako jada", azaldu du Emakumearen Zentroko teknikari Maite Iglesiasek.
Dolua eta komunikazio asertiboa
Ikastaro gehienak jada eskaini izan dituzte aurreko ikasturteetan; herritarren parte hartzea "gero eta handiagoa" da. Edonola ere, ikasturtero aurkezten dute berrikuntzaren bat edo beste eta hau ez da salbuespena izan. Doluan elkarrekin eta Ni neu adierazten: komunikazio asertiboadira aurtengo bi ikastaro berriak, gizartean "oso garrantzitsuak" diren alorrak lantzea helburu dutenak. Doakoak dira biak ala biak.
IKASTAROA | PREZIOA |
Antzerkia | 51,00 euro |
Yoga | 38,25 euro |
Eskulanak | 51,00 euro |
Taixia | 21,98 euro |
Hipopresiboak | 44,55 euro |
Biodantza. Dantzatu (ezazu) indarra | 38,25 euro |
Ni neu adierazten: komunikazio asertiboa | Doakoa |
Geure burua babestea ongizatea izateko | Doakoa |
Mugitu, adierazi eta jabetu | Doakoa |
Mindfulness eta emozioen kudeaketa | Doakoa |
Gure bizitzei buruz elkarrekin | Doakoa |
Doluan elkarrekin | Doakoa |
Hobetzeko aldaketa | Doakoa |
Ederki zahartzea: autozaintza aktiboa eta osasungarria | Doakoa |
Gorputza entzuten eta sentitzen ikasiz | Doakoa |
Jantzi konponketak eta patroiak | Doakoa |
Bitxigintza | Doakoa |
Kantua | Doakoa |
Batuka | Doakoa |
Gorputzaren autozainketa | Doakoa |
Ikastaro horiek guztiak "punta-puntako profesionalek" emango dituztela azpimarratu dute udal ordezkariek. Gauzak horrela, jarduera horietan parte hartzera animatu dituzte herriko emakumeak, lanketak "oso onuragarriak" izango direlakoan.
Jabetze Eskola
Eskaintza hori Jabetze Eskolaren barruan barnebiltzen dute udal ordezkariek. Emakumeen ahalduntzea eta partaidetza soziopolitikoa sustatzera bideratuta dago eta topaketarako, ikaskuntzarako, hausnarketarako nahiz prestakuntzarako gunea da. Hori horrela izanik, sareak eraikitzen dituzte parte hartzen duten emakume lasarteoriatarren artean eta beharrezko tresnak ematen dizkiete errealitatea "ikuspegi feministatik aztertzeko eta zalantzan jartzeko".
Informazio gehiago nahi dutenek 943-36 39 58 telefonora deitu edo emakumezentroa@lasarte-oria.eus helbide elektronikora idatz dezakete.