Eslalomeko Munduko Kopako lehiaketako lehen egunean, herritarrak ezin izan zuen K1 mailako lehian finalerako txartela eskuratu; sailkapenean hemeretzigarren (88.55) izan zen.
Kayak krosean, aldiz, erlojupekoan hamazazpigarren izan ostean, kanporaketak gainditzen joan zen finalera iritsi arte. Andrea Herzog alemaniarra, Momoka Nagusu japoniarra eta Nukita Setchell britaniarra izan zituen aurkari. Ederki borrokatu arren, herritarrak laugarren postuarekin konformatu behar izan zuen.
Hiru podium
Eslovenian zorterik izan ez bazuen ere, Maialen Chourrautek Espainiako kayak kros txapeldun titulua eskuratu zuen abuztu hasieran. Eslalomeko zein Kayak kroseko Espainiako txapelketak lehiatu ziren Leongo Sabero herrian, hil horren 9an eta 10ean eta lasarteoriatarra podiumean izan zen bakarka, taldeka zein kayak krosean.
Azken modalitate horretan, herritarrak kanporaketak gainditu eta nagusi izan zen lauko finalean.
K1 mailan, bakarkako lehian garaipenak 51 ehunekoengatik ihes egin zion olinpiar dominadunari (88.82); Atletico San Sebastian talde kide Leire Goñik (88.31) eraman zuen txapela. Taldeka, aldiz, Espainiako txapeldun izan zen aipatu Leire Goñi eta Olatz Arreguirekin batera.
Munduko txapelketa
Prestaketa ederra egiten ari da herritarra urria hasieran, Penrithen, Australian lehiatuko den Munduko txapelketarako. Bien bitartean hilaren 4tik 7ra Augsburgen (Alemania) Munduko kopako bosgarren eta azken saioari egingo dio aurre Chourrautek.