Atsobakar egoitzak egun dituen egoiliar kopurua ia bikoiztea ahalbidetuko dute Gipuzkoako Foru Aldundia aipatu eraikinean aurrera eramaten ari diren zabaltze lanek: 57 daude orain, eta 108 izango dira eraldaketa lanak amaitzen dituztenean (horietatik bi UPS-I unitateak izango dira, psikogeriatriakoak); horrela gogorarazi du Eider Mendoza diputatu nagusiak. Egoitzan bertan egin du agerraldia, eta bertaratzea baliatu du lanak zein fasetan dauden aurrez aurre ikusteko. Ondoan izan ditu Zainketa eta Gizarte Politiketako diputatu Maite Peña eta Agustin Valdivia Lasarte-Oriako alkatea ere. Hiruek elkarrekin bisitatu dituzte obrak.
"Pertsonak erdigunean jarriko dituen zainketa eredu gizatiarrago eta iraunkorrago bat" helburu, Gipuzkoak "urrats sendoak" ematen jarraitzen duela azpimarratu du Mendozak. Gaineratu du Gipuzkoa murgilduta dagoen eraldaketa prozesuaren adibide garbia dela Atsobakar. Jarduera hori Zainketa eta Gizarte Politiken 20>30 agendaren ardatzetan kokatzen, Foru Aldundiaren Plan Estrategikoarekin lerrokatuta, eta 2024-2030 Gizarte Zerbitzuen Maparen bidez hartutako konpromisoan zehazten da. Mapa horrek, 1.553 leku huts sortzea aurreikusten du.
Atsobakar egoitza handitzeak eta modernizatzeak duen "garrantzia handia" balioan jarri du Gipuzkoako ahaldun nagusiak, eta esan, pertsona guztien bizi kalitatean eta ongizatean izango duen eragina positiboa dela: "Udalerri honetan egiten ari garen eraldaketa, lurralde osoan zabaltzen ari gara, Gipuzkoako zaintza eredu berrira pertsonalizatuagoa, berritzaileagoa eta komunitatearekin lotuagoa dago".
Arestian aipatu bezala, egoitzaren zabaltze lanei esker egun eskaintzen diren leku kopurua ia bikoiztu egingo da (57 izatetik 108 izatera igaroko dira). Horrek, herritarrei eskainiko zaien zerbitzua "indartu eta areagotu" egingo du: "Arreta kualitatiboki hobetzeaz gain, pertsonak denbora gehiagoz bizi gara egun eta gero eta zainketa gehiago behar ditugunez, egoerari erantzuna ematea dugu xede, leku gehiago eskainita beharra duten nagusiei". Hori guztia helburu garbi batekin: "Pertsona guztiek zainketa bermatuta izateko beharra dutenean, izan orain, izan etorkizunean".
Lanak, hirugarren fasean
Foru Aldundia aurrera eramaten ari den lanei esker, Atsobakar egoitzak "pertsonengan oinarritutako arreta eredu berrira" egokitu ahal izango du bere jarduna. Hala, bizikidetza unitate txikiagoak sortuko dituzte, gehienez ere hamabi lagunekoak, etxeko espazio pertsonalizatuagoekin, eremu amankomun zabalagoekin, unitate bakoitzeko jantokiekin, eta bainugela propioa izango duten logelekin. Espazio horien bitartez, egoiliarren parte hartzea, elkarbizitza sustatzea eta komunitatea sendotu nahi dituzte.
Egoitzaren zabaltze lanak hirugarren fasean daude jada, egoitzaren mendebaldeko egituran zentratuta. Bertan, hamazazpi egoitza leku berri egokituko dira, eta eguneko zentroak bost leku gehiago izango ditu (25etik 30era). Laugarren eta azken fasean, berriz, esku hartze jakina egingo dituzte egungo bizitegi eraikinean instalazio elektrikoak, iturgintzakoak eta suteen aurkako babesekoak hobetzeko. Gainera, perimetroaren urbanizazioa osatuko dute.
Bisita egin bitartean, Atsobakarreko egoiliarra den Santiago Lorenzo Fernandezekin egon eta haren bizipenen berri izateko aukera ere izan dute ordezkari politikoek. Bi hilabete daramatza Lorenzok Atsobakarren bizitzen bertan, emaztearekin batera, eta "oso gustura eta lehen mailako hotel batean egongo balitz bezala" bizi dela adierazi die.