Donostia Arraun Lagunak-ek, bandera bat gehiago, lidertza eta zigorra

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 28a, 14:45

Donostia Arraun Lagunak, Castron lehian. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskortren Liga.

Getxo (Bizkaia) eta Castro Urdialesen (Kantabria) lehiatu dituzte Euskotren Ligako ontziek hilabete honetako azken bi jardunaldiak; herritarrak dituzten eskifaiek zorte ezberdina izan dute. Donostia Arraun Lagunak-ek nagusiki eskuratu du lehen eguneko bandera. Kantabriako uretan ezin izan du garaipena erdietsi eta gainera hiru segundoko zigorra jaso du. Hala ere, Ligako lidertza eskuratu du. Donostiarra, aldiz, ligako azken postuan da; Getxon, zazpigarren izan zen eta Castron, seigarren.

Getxoko Estropaden XVII.Ikurriña-J.A. Agirre Lehendakariaren XXI. Omenaldia lehiatu zen hilaren 26an, Bizkaiko herrian.

Orioko estropadan gertatutakoa ahazteko Lugañenek hasieratik egin zuen borroka eta nagusi izan zen hasieratik. Estropadako buru jarri zen eta pixkanaka aldea handitu zuen atzetik zetozen Tolosaldea eta Orio Orialkirekin. Ziabogan zortzi segundoko aldea atera zien jarraitzaileei eta helmugan, aldiz, hamabi Tolosaldeari eta hamalau Oriori. Eta horri esker, Ligako sailkapenean buru zen berriro.

Donostiarrak, aldiz, Astillero eta Zumaiaren parean egin zituen lehen txandako hasieran baina atzeraka geratu zen eta ziaboga ona eginez, berriro ere zumaiarrak harrapatu zituen. Lehia estua izan zuten bi ontziek eta azkenean, hirugarren izan zen; sailkapen orokorrean zazpigarren.

Lehia estua

CaixaBank banderan, Lugañeneko eskifaiak lehen luzean aurre hartu bazuen ere, ziabogatik ateratzerakoan Orio Orialki bere parean jarri eta bigarren luzean alde txikia hartu zuen. Donostia Arraun Lagunakek gogor egin zion azken metroetan eta estu iritsi ziren helmugara; mirotzek  69 ehunekorengatik eraman zuten saria.

Baina Lugañenek Tolosaldeako kalea hartu zuen itzulera egiteko eta Tolosako ontziaren jarduna oztopatzeagatik eta epaileen abixuei jaramonik egin ez egiteagatik hiru segundoko isuna jaso zuen. Beraz, azkenen marka 11.05,88 izan zen.

Hala ere, bigarren postua eskuratu zuen Lugañenek eta sailkapen nagusiko lehen postua mantendu zuen. Orio Orialki bigarren dago puntu kopuru berdinera, 57 puntu.

Lehen txandan, Donostiarrak lehen luze ederra egin zuen bigarren txandako Tolosaldearen pare egin zuen ziaboga (05.40) eta Hondarribiarekin batera atera zen biraketatik. Baina bigarren luzean ezin izan zuten aurkarien erritmoa mantendu eta azkenean saioko hirugarren izan ziren (11.15,44); probako saikapenean, seigarren. Ligan azken postuan dago egun Bantxa.