Giro ederrean ekin diote Santa Ana egunari

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 26a, 14:43

Lasarteoriatarren urteko egun kuttunenetako bat da gaurkoa, Santa Ana eta San Joakinena. Udalak eta Ttakun Kultur Elkarteak zenbait jarduera antolatu dituzte eta goizeko euriak zerbait aldatu edo bertan behera uzteko mehatxu egin duen arren, eguerdirako hasi da zerua irekitzen, eta karkaba inguruan ibili direnak, aterkiak ixten. Ama Brigitarren komentuan meza berezia gidatu du Felix Garitano kapilauak eta batez ere parean zituen Urrezko Nesken taldeko emakumeak goretsi ditu. Kuadrilla hori eta beste dozenaka pertsona San Pedro parrokiako arkupeetara joan dira elizkizuna bukatu denean, Ttakuneko kideek prestatutako hamaiketakoa dastatzera: Jalgi kafe antzokikoek prestatutako patata tortilla eta ogitartekoak: txorizo, urdaiazpiko edota atunarenak izan dituzte aukeran. Goizeko ekimenekin bukatzeko, karkaba parean dantzatu dute Erketz EDTko kideek; amaierako kalejirara Urrezko Neska batzuk ere animatu dira.

Arratsaldeko jarduerak

  • 17:30etik aurrera, Loidibarren pilotalekuan, Santa Ana pala txapelketako azken partidak: 3. eta 4. postuak erabakitzekoa eta finala. 
  • 18:30ean, Geltoki kaletik abiatuta, parodian parte hartuko duten aktoreen desfilea.
  • 20:00etan, Okendo plazan, Santa Anako 75. parodia. Musikatua izango da. Amaitzean, parte hartzaileek Extremadura Etxean afalduko dute.