Enara Arruti: "Uda honetan helburu nagusia ahalik eta gehien ikastea da"

Txintxarri Aldizkaria 2025ko uzt. 24a, 12:55

Enara Arruti, bosgarren tostan, bere eskifai akideekin lehian. Arg.: A. Arrizabalaga/Euskotren Liga

Enara Arruti herritarrak aurten egin du debuta Donostiarra eskifaian. Martxoaren 30ean San Pedroko test proban lehiatu zen lehenengoz traineruan eta hilaren 19an, II. Gertu Eraikuntzak banderan Euskotren Ligan estreinakoz egin zuen arraun. Hitzorduaren ostean, haren hitzak jaso ditugu

Ligan lehenengoz lehiatzea esperientzia berezia izan zela onartu du Arrutik: "Ikasturte honetan hasi naiz arraunean, eta urte osoan zehar entrenatzen ibili ostean, oparia izan da Pasaian estreinatzea. Hori izan da Euskotren ligan egin dudan lehen estropada eta beti gogoratuko dut, nahiz eta kirol mailan ez genuen lortu nahi bezain emaitza ona". 
 
Arrutik azaldu digunez ez zuen denbora askorik izan lehiatuko zuela onartu eta urduri jartzeko: "Beroketak hastera gindoazela esan zidaten entrenatzaileek Pasaiako estropadan parte hartuko nuela, eta ez nuen urduritasun asko izateko denborarik izan apenas. Hasieran pixka bat, baina gero arraun egiten zentratu nintzen".
 
Donostiarrak Pasaian entrenamendu saio ugari eginagatik, arrotza egin ez zitzaiola onartu du: "Estreinua Pasaian izateak lagundu egin zidala esango nuke; egia esan eremu horretan askotan entrenatu izan dugu eta momentuoro erreferentziak oso presente nituen".
 
Ligan zehar eskifaian lehiatzeko aukera gehiago izango ditu ziurrenik herritarrak, baina argi du aurten lehiatu baino ikasteko gehiago duela: "Ni lehen urteko jubenila naiz, beraz uda honetako nire helburu nagusia ahalik eta gehien ikastea da".
Erlazionatuak